Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Ertzaintzak langile guztiak txertatuko ditu AstraZenecaren txertoarekin

A. S. | EITB MEDIA

Hasi dira dagoeneko 55 urtetik gorako agenteei txertoa hartzeko lehen hitzorduak ematen, eta Jaurlaritzatik azaldu dutenez, horrela jarraituko dute 7.351 agenteak txertatuta izan arte.

  • Ertzaintzak langile guztiak txertatuko ditu AstraZenecaren txertoarekin.

    Ertzaintzak langile guztiak txertatuko ditu AstraZenecaren txertoarekin. Argazkia: Irekia

AstraZenecaren txertoa Ertzaintzako langile guztiei jarriko zaie, Osasun Sailak eta Segurtasun Sailak adostutako eta koordinatutako lehentasun-ordenan, Eusko Jaurlaritzak ostegun honetan jakitera eman duenez.

Eusko Jaurlaritzak bilera informatibo batera deitu ditu gaur Ertzaintzako lan-arriskuen prebentziorako ordezkariak, txertaketa-prozesuaren aro berriaren berri emateko. Gaur bertan hasi dira 55 urtetik gorako agenteei txertoa jartzeko lehen hitzorduak ematen, eta, azaldu dutenez, horrela jarraituko dute 7.351 agenteak txertatuta izan arte.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian Ertzaintzaren edo Euskadiko udaltzaingoen agente izateko prestatzen ari diren ikasleen txertaketarekin ere jarraituko du. 700 pertsona gehiago dira.

Orain arte, 4.273 agenteri eta 374 ikasleri jarri zaie txertoa, hau da, txertoa jartzeko aukera zuten guztiei. Orain, ordea, txertoa jartzeko adina 65 urtera luzatzea erabaki dute.

Txertaketarako, Eusko Jaurlaritzak hiru txertaketa-gune jarri ditu martxan Erandioko eta Oiartzungo egoitzetan eta Arkautiko Akademiaren egoitzan.

65 urtera arteko udaltzaingo eta gizarte-zerbitzuei txertoa

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak, bere aldetik, udaletako funtsezko zerbitzuetako kolektiboen txertaketa planifikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin duen lankidetzari eusten dio. Orain, txertaketa-kanpaina horren baitan, udaltzaingoetako eta gizarte-zerbitzuetako 65 urtera arteko langileek jasoko dute txertoa.

Hala, elkarteak ziurtatu duenez, udaltzaingoetako eta etxez etxeko laguntza zerbitzuko 55 urte arteko langileak AstraZenecarekin txertatu ondotik (3.300 polizia-agente eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuko 3.200 langile inguru), txertoa 56 eta 65 urte bitarteko langileei jarriko zaie orain.

Bi kolektibo horiez gain, funtsezko beste bi zerbitzu sartu dira txertaketa-prozesuan: gizarte-langileak eta bazterketa-egoeran dauden pertsonentzako gaueko harrera-zerbitzuetako edo udal-aterpetxeetako langileak.