Itxi

Gizartea

GIPUZKOA

Kilometroak 2021 Goierrin ospatuko da "Batera, bagara, bat gara" lelopean

EITB MEDIA

Beasaingo Andramendi, Lazkaoko San Benito eta Ordiziako Jakintza ikastolek antolatuko dute urriaren 3an ospatuko den Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia.

  • Kilometroak 2021 aurkezpena.

    Kilometroak 2021 aurkezpena. Argazkia: Ikastolen Elkartea

Kilometroak 2021 urriaren 3an ospatuko da Goierrin, baina 45. edizioa desberdina izango da covid-19aren krisiaren ondorioz. Aurten, Beasaingo Andramendi, Lazkaoko San Benito eta Ordiziako Jakintza ikastolek antolatuko dute Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia.

Helburuen artean, antolatzaileek nabarmendu dute Kilometroak jaiak historikoki izan dituzten helburuei eutsi nahi diela, euskararen eta euskal kulturaren aldeko inbertsio berezia eginez, aurten beste eskala batean.

Bestalde, egoera berri honek ireki dituen aukera berriak azpimarratu dituzte: kultura eta hizkuntza erabiliz adin ezberdinetako pertsonen arteko harremana eta zaintza sustatzea, Kilometroak antolatzeko garaian Gipuzkoako ikastolen konpromisoa indartzea, sareak sendotzea eta kultura-aniztasuna plazara ateratzea.

Aurkezpenean, ikastola antolatzaileetako arduradunek iragarri dute horretarako hainbat ekimen abian jarri dituztela; Euskal Herriko Ikastoletan barrena dabilen Liburu Ibiltaria eta 14-16 urteko gazteei zuzenduta dagoen Euskal Herriko Komiki  Lehiaketa, besteak beste.

Leloari dagokionez, "Batera, bagara, bat gara" aukeratu dute aurten, ikastolen batasuna adierazten eta haien izatea eta zatiezintasuna aldarrikatzen dituena.

Prentsaurrekoan, Kilometroak 2021en logotipoa ere aurkeztu dute, "gure herriek, herritarrek eta ikastolek dugun aniztasun hori" erakusten duten elementuz osatutako bat zenbakia.