Gizartea
ABELTZAINTZA
ENBAk eta EHNEk otsoaren populazioa kontrolatzeko mozioa aurkeztu dute Gipuzkoan
EITB MEDIA
Nekazarien sindikatuek lurralde historikoko udaletxe guztietan aurkeztu dute Mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa.
-
Otso bat. EITBren bideo batetik ateratako irudia
EHNE eta ENBA Gipuzkoako nekazarien sindikatuek lurralde historikoko udaletxe guztietan aurkeztu dute Mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa, "otsoaren babesa gehitze aldera mendiko abeltzaintzaren aurkako ekimenak ugaltzen ari direla ikusirik".
2020ko martxoaren 13an argitaratutako Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean, Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoa aldatu, eta otsoa "interes bereziko espeziea" kategorian sartu zuten.
Geroago, 2021eko otsailaren 4an, Trantsizio Ekologikoa eta Erronka Demografikorako Ministerioko Natura Ondarearen batzordeak otsoa babes bereziko erregimenean dauden espezieen zerrendan sartzea erabaki zuen, otsoaren populazioaren % 95 baino gehiago ordezkatzen duten autonomia erkidegoen ordezkariek aurka bozkatu arren.
Bi sindikatuen ordezkariek azaldu dutenez, "erabakia behin betikoz hartuko balitz, Euskadiko abeltzaintza estentsiboarengan ondorioak larriak eta berehalakoak lirateke, otsoen populazioa areagotuko litzakeelako gure mugakide diren elkargo autonomoetan, eta, honenbestez, Euskadin otso populazioak sartu eta egonkortzeko arriskua areagotuko genuke, eta honek ondorio larriak ditu, bai gure mendiko abeltzaintza estentsiborako bai ardi latxa bezalako arraza autoktonorako, babestu nahi diren mendiko larretokiak bezalako habitatentzat eta, azkenik, gure gastronomia kulturaren zutabetariko bat den Idiazabal gaztarentzat".
Horien arabera, "une honetan, azienda (ardiak, behiak, behorrak, pottokak…) mendian kudeatzen dugun abeltzainok kezkatuta eta beldurtuta gaude otsoaren zabalkundearen aurrean orain arte bizitu dugun maneju estentsiboaren amaiera suposa dezakeelako, eta, honenbestez, erabakiaren azken helburua hori ez bada ere, abeltzaintza estentsiboarekin amaitu eta erabateko maneju intentsibora joan beharko dugulako".
"Honen aurrean, hitz politez haratago, udaletxe guztien babesa lortu nahi dugu eta horretarako ezinbestekotzat jotzen dugu alderdi politiko guztiak bat egitea abeltzaintza estentsiboaren defentsan. Otsoa ez dago arriskuan; tamalez, mendiko abeltzaintza bai", gaineratu dute.