Gizartea
BIZKAIA
23 urteko etxegabe bat hil da Bilbon
O. A. | EITB MEDIA
Piotr gitarra jotzen aritzen zen hiriburuan. Hilaren 12an hil zen eta Uribarriko bizilagunek argazkiak eta loreak jarri dituzte bere omenez. BesteBi plataformak elkarretaratzea deitu du ostegunerako.
Etxerik gabeko 23 urteko gizon bat hil da Bilbon, eitb.eus-ek baieztatu ahal izan duenez. Zehazki, martxoaren 12an hil zen, baina gaur arte ez da heriotzaren albistea zabaldu.
Berria egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, Piotr zuen izena, jatorriz poloniarra zen eta sei hilabete inguru zeramatzan Bilbon. Aterpetxe batean egiten zuen lo eta eguna kalean igarotzen zen.
Gitarra jotzen aritzen zen Bilboko hainbat txokotan. Esaterako, askotan egoten zen Uribarri auzoan. Hain justu, Uribarriko biizlagunek loreak eta argazkiak jarri dituzte Piotr egoten zen tokian bertan.
Egoitza-bazterkeriaren kontrako eta etxerik gabekoen aldeko "BesteBi" plataformak deituta, elkarretaratzea egingo dute ostegun honetan, 11:30ean, Areatzako estalpeetan.