Gizartea
KORONABIRUSA
PCR probak egitera deitu dituzte Bilboko gimnasio bateko erabiltzaileak
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Martxoaren 9tik 19ra Deustuko AltaFit zentroan egon ziren bezeroei eta langileei Basurtuko Ospitalera joateko eskatu diete, gaur eta bihar. Ez da beharrezkoa hitzordua hartzea.
Bilboko gimnasio bateko erabiltzaileei eta langileei dei egin die Osakidetzak larunbat honetan edo bihar, igandea, Basurtuko Ospitalera joan daitezen, PCR proba bat egitera.
Martxoaren 19an Deustuko AltaFit gimnasioa itxi egin zuten hainbat positibo zirela medio. Orain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak martxoaren 9tik 19ra bitartean lokal hartan ibili zirenei dei egin die covid-19aren diagnostiko probak egin ditzaten.
Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Arrupe pabiloian (Kanpoko Kontsultak) jarriko dute PCR probak egiteko gunea gaurtik igandera bitartean. Osakidetzak zehaztu duenez, ez da beharrezkoa hitzordurik eskatzea eta nahikoa izango da bertara agertzea. Ohikoa denez, SMS bidez bidaliko dituzte gero emaitzak.
Covid-19arekin bateragarriak izan daitezkeen sintomak izanez gero (sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea), etxean isolatu eta osasun-zentrora deitu behar dela gogorarazi dute osasun agintariek.