Itxi

Gizartea

koronabirusa

Etxeratze agindua ordubete atzeratu dute, 19:00ak arte, Ipar Euskal Herrian

agentziak | eitb media

Hala eta guztiz ere, Frantziako Gobernuak gogortu egin ditu neurriak hainbat departamendutan, tartean Parisen, eta oinarrizkoak ez diren dendak itxi eta galarazi egin dute departamendutik ateratzea.

  • Baiona. Argazkia: EiTB

    Baiona. Argazkia: EiTB

Frantziako Gobernuak arindu egin du Estatu osoan ezarria dagoen etxeratzeko agindua, eta orain kalean egoteko aukera egongo da ordu bat gehiago, 19:00ak arte, eta 06:00etan altxatuko da etxeratzeko agindua, orain arte bezalaxe.

Hala eta guztiz ere, oinarrizkoak ez diren dendak ixteko eta departamendutik ez ateratzeko agindua eman du 16 departamendutan, tartean Parisen, Estatu osoko biztanleriaren herena hartzen duen eremuan.

Neurri berriak ostiral gauerdian jarriko dira indarrean, eta lau aste iraungo dute. Koronabirusaren zabalkundea gelditzea da helburua, ipar partean batez ere; izan ere, "pandemiaren zabalkundea nabarmen ari da bizkortzen", Jean Castex Frantziako lehen ministroak prentsaurreko batean azaldu duenez.

Murrizketa horiekin "hirugarren bidea" ireki nahi dute, erabateko konfinamendurik ez ezartzeko, Castexen arabera. Lehen ministroak zehaztu du itxiko dituzten departamenduetan jendeak kirola egitera kalera ateratzeko aukera izango duela, gehienez etxetik 10 kilometrora (2020ko konfinamenduetan kilometro batekoa zen gehienezko distantzia).

Paris eta inguruak dira gaur egun pandemiaren erdigunea Frantzian, 100.000 biztanleko tasa 446koa baita, % 23ko igoerarekin astebetean, eta larrialdietarako unitateak % 102an gainezka.