Gizartea
Koronabirusa
AstraZenecaren txertoa "segurua" eta "eraginkorra" dela ondorioztatu du EMAk
eitb media
Europako Sendagaien Agentziak azpimarratu du txertoaren onurak "nabarmen" gainditzen duela arriskua, eta ez dagoela odolbilduen "kasuen gorakadarekin lotuta".
-
AstraZenecaren txertoa. Argazkia: Efe
Europako Sendagaien Agentziak (EMA, ingelesez) ondorioztatu du AstraZenecaren txertoa "segurua" eta "eraginkorra" dela covid-19ari aurre egiteko, eta onurak "nabarmen" gainditzen duela arriskua.
Agentziak atzeman dituzten odolbilduei buruzko informazioa aztertu du egunotan, eta ondorio horretara iritsi da, hainbat estatuk, tartean Espainiakoak eta Frantziakoak, enpresa horren sendagaia ez ematea erabaki ostean.
Emer Cooke EMAren zuzendariak azpimarratu du adituak "ondorio zientifiko argira" iritsi direla. Txertoa covid-19aren aurka herritarrak "babesten" ari dela eta ez duela odolbilduen "ugaritzearekin harremanik" ondorioztatu dutela azaldu du.
EMAk ohar bat gaineratuko du sendagaiaren informazioan, medikuan jakin dezan odolbildu kasu batzuk izan direla eta harremana egon daitekeela.
Hala ere, gaineratu du adituek bi asteko azterketaren ostean argi ikusi dutela AstraZenecaren txertoa "segurua eta eraginkorra" dela, nahiz eta ezin izan duten erabat baztertu tronbosi kasu arraroekin harremana dutela. Horregatik, ikertzen jarraituko omen dute.
"Txertoa tronbozitopeniarekin lotutako odol-koagulu kasu oso arraroekin lotuta egon daiteke, hau da, odoleko plaketa maila txikiekin (koagulatzen laguntzen duten odoleko elementuak), odoljarioarekin edo odoljario gabe", gaineratu du agentziak.
Cookek esan du ez dagoela txertoa jaso duten pertsonek odolbildua izateko "arrisku orokorrik", eta EMAk "onura arriskua baino handiagoa" dela egiaztatzeko "ardura" burura eraman duela.
Era berean, Europako Sendagaien Agentziak ez du arazorik atzeman txertoaren "“sorta jakin batzuekin edo leku batzuetan ekoiztutakoekin".
Hori horrela, Espainiako Osasun Ministerioak Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluaren premiazko bilera deitu du 18:00etarako, AstraZenecaren txertaketarekin zer egin erabakitzeko.