Gizartea
KORONABIRUSA
Osakidetzak AstraZeneca txertoaren 52.760 dosi jarri ditu, albo-ondorio larririk gabe
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Eusko Jaurlaritzak AstraZenecaren txertaketa aldi baterako eten eta biharamunean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak lasaitasuna eta zuhurtzia aldarrikatu ditu.
AstraZenecaren txertaketa aldi baterako eten eta biharamunean, lasaitasun mezua zabaldu igorri du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Haren esanetan, Osakidetzak AstraZenecaren 52.760 txerto jarri ditu eta ez da albo-ondorio larririk izan.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan "zuhurtzia" azpimarratu du Sagarduik, AstraZenecaren txertaketa bi asterako bertan behera geratu ostean. Bien bitartean, Pfizer eta Moderna botika etxeen txertoak jartzen jarraituko dute.
Atzoko bidalketan, Pfizerren 30.420 txerto eta Modernaren beste 10.600 dosi jaso zituen Osakidetzak.
Orain arte, 248 308 txerto jarri dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 68.035 pertsonak amaitu dute txertaketa prozesu osoa.
Aipaturiko txerto horiekin, 90 urtetik gorakoen txertaketa amaitu eta 80 urtetik gorakoak txertatzen jarraituko dute. Halaber, osasun arloko langileei lehen eta bigarren dosiak ere emango zaizkie.
Amaitzeko, txertaketa erritmoa txertoen horniduraren araberakoa izango dela berretsi du.