Gizartea
Koronabirusa
AstraZenecak ez du albo-ondorio larririk eragin EAEn, arinak kasuen % 1ean soilik
EiTB Media | Agentziak
Dagoeneko 34.000 pertsona baino gehiagori eman diete sendagaia Euskal Autonomia Erkidegoan. Oraingoz AstraZenecaren txertaketa etetea baztertu du Eusko Jaurlaritzak.
-
AstraZeneca txertoa. Artxiboko argazkia: EFE
Covid-19aren kontrako AstraZeneca txertoak Euskadin ez du “albo-ondorio larririk eragin”, eta jadanik botika jaso duten 34.000 pertsona baino gehiagotik % 1ek soilik albo-ondorio “arinen” bat izan dute.
Europako herrialde batzuek sendagaiarekin txertaketa aldi baterako etetea erabaki dute badaezpada, txertoa jaso duten pertsonen artean “odolbildu kasu larriak” eman ondoren. Kasu horiek aztertzen ari dira.
Espainiako Estatuan, Asturias, Gaztela eta Leon, Andaluzia eta Kanariar Uharteek ABV5300 saileko txertoak emateari utzi diote, nahiz eta botikarekin txertatzen jarraitu.
AstraZenecarekin txertaketa etetea baztertu du Eusko Jaurlaritzak, Europako Sendagai Agentziaren eta Espainiako homologoaren arabera, “arriskurik ez dagoelako”, Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak prentsaurrekoan azaldu duenez.
Quintasek zehaztu duenez, Euskadin 34.000 pertsona baino gehiagok txertoa jaso dute, eta “ez du albo-ondorio larririk eragin”. Txertatuen % 1ek soilik izan dute albo-ondorio arinen bat, hala nola, sukarra, burukomina edo mina txertoa jaso duten besoan.
Txertoaren inguruan sortu den zurrunbiloak oraingoz AstraZeneca jartzeko beldurra sortu duenik ez dute sumatu osasun arduradunek, sailburuordeak esan duenez.
Txertaketari dagokionez, oraingoz 216.583 txerto jarri dituzte, horietatik 61.872 bigarren dosiak izan dira, hau da, immunizazio prozesua bukatu duten pertsonak, Quintasek zehaztu duenez.
Euskadin “txerto poterik alferrik galdu” ez dela ziurtatu du. Txertoa jartzeko hitzordua zuen pertsona bat agertu ez denean, zerrendako hurrengoari eman diote dosia, eskuragarri zeuden txerto guztiak bukatu arte.
Gaurdaino 280.230 txerto heldu dira Euskadira, eta 40.150 gorde dituzte bigarren dosia bermatzeko, guztiak Pfizer eta Modernarenak. Oraingoz AstraZenecako dosi guztiak ematen ari dira; izan ere, Osakidetzak “erreserba estrategikoa” murriztea erabaki zuen kasu horretan, lehen eta bigarren dosiaren arteko tartea handiagoa delako, balizko hornidura arazoei aurre egiteko.