Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Osasun Saila: "Bilakaeraren geldialdi argia joera aldaketa bihurtu daiteke"

E. L. | EiTB Media

Bestalde, gaurdaino Euskadin "AstraZenecaren txertoek albo-ondorio larririk ez dute eragin", ziurtatu du Osasun Sailak.

1:24
Osasun saila kezkatuta dago datuekin. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak ohartarazi duenez, "azken asteetan pixkanaka-pixkanaka" covid-19aren intzidentzia tasak behera egin badu ere, "geldialdi argia joera aldaketa bihurtu daiteke" datozen egunetan.

Koldo Cambra Osasun Publikoko zuzendariodearekin batera prentsaurrekoa eman du Quintasek. Pandemiaren intzidentzian “beherakadaren abiadura moteldu” ondoren, orain “baliteke geldialdira edo haranera” heldu izana, azpimarratu du Cambrak.

“Zenbaki handiagoetarantz joera aldaketa bat ote dagoen ikusteko dago”, erantsi du Cambrak. Geldialdia azaltzeko “arrazoi zehatzik” ez dagoela onartu du buruzagiak, baina Erresuma Batuko aldaerak eragina izan ahal duela gaineratu du, errazago transmititzen delako.

Iragan asteartean Euskadi barruan mugikortasuna berreskuratu izanak gaurko datu txarretan eraginik izatea baztertu du zuzendariordeak.

Zentzu horretan, “moteltzea atzetik zetorren”, ziurtatu du. Pandemiaren adierazle nagusiari (R0) oso adi egon behar direla azaldu du, zenbait egun goraka eman ondoren, gaur 1ean kokatu delako.

Egoeraren aurrean, zuhurtzia mantentzea, ez lasaitzea eta neurri prebentiboak betetzen jarraitzea eskatu du sailburuordeak, covid-19 aldaera guztien aurka eraginkorrak direlako, baita Erresuma Batukoaren kontra ere.

Bestalde, gaurdaino Euskadin “AstraZenecaren txertoek albo-ondorio larririk ez dute eragin”, ziurtatu dute arduradunek. Orain arte botika jaso duten herritarren % 1ek soilik “albo-ondorio arinak” izan dituzte, nabarmendu dutenez.

Espainiako eta Europako botika agentzien “gomendioak jarraitzen ari gara”, ziurtatu dute. “Ez da arazorik izan, inongo botika sailetan”, erantsi dute.

Azkenik, Legorretan (Gipuzkoa) egindako baheketari dagokionez, 459 pertsonak egin dute PCR proba, eta positibo bakarra baieztatu dute udalerrian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.