Gizartea
Alarma-egoera
Erkidegoak itxita egongo dira San Joseko zubian eta Aste Santuan
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Baldintza minimoak biltzen dituen ituna adostu dute Lurraldeen arteko Osasun Batzordean. Erkidegoek gainerako neurriak zorrozteko eta malgutzeko aukera izango dute, pandemiaren bilakaeraren arabera.
-
Foruzaingoaren eta Ertzaintzaren kontrolak Endarlatsako zubian. Artxiboko argazkia: EFE
Autonomia erkidegoak itxita egongo dira San Joseko zubian, martxoaren 17tik 21era, eta Aste Santuan, martxoaren 26tik apirilaren 9ra.
Halaber, etxeratze-agindua beranduenez 23:00etan ezarri beharko dute eta eremu publikoan 4-6 pertsona elkartu ahalko dira gehienez. Eremu pribatuan, berriz, bizikideak soilik bildu ahalko dira.
Hala erabaki dute arratsalde honetan Osasun Ministerioak eta erkidegoetako ordezkariek Lurraldeen arteko Osasun Batzordearen baitan egindako bileran.
Carolina Darias Osasun ministroak esan du "baldintza minimoak" biltzen dituen ituna dela eta erkidegoek neurri murriztaile gehiago hartzeko aukera izango dutela.
Adostasuna ia erabatekoa izan da. Madrilgo erkidegoko agintariak soilik agertu dira kontra; eta Kataluniako Gobernuak zehaztu du bere kontseilaria abstenitu egin dela.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du neurriak zorrozteko edo malgutzeko aukera autonomien esku uzten duelako onartu dutela plana. "Aurreikusitakoak baino neurri murriztaile zorrotzagoak ezarri ditugun erkidegoetan gure esku egongo da neurri horiek arintzea edo ez erabakitzea", azaldu du ohar batean.
Joan den ostiralean, LABI aholku batzordeak udal konfinamendua amaitzea, baina Euskal Autonomia Erkidegotik ateratzeko edo bertan sartzeko debekuari eustea erabaki zuen.
Ildo berean, beste hainbat murrizketa indarrean mantentzea adostu zuen, hala nola etxeratze-aginduari (22:00) edota ostalaritza (20:00) eta dendak (21:00) ixteko ordutegiari lotutakoak.