Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Hildako bat koronabirusagatik eta 52 positibo Nafarroan

EITB Media | Agentziak

Positibotasun tasak apur bat behera egin du, proba gehiago egin dituzten arren. Atzeman dituzten 52 positiboen erdiak baino gehiago Iruñean zenbatu dituzte.

  • Osasun langile bat PCRak egiteko materialarekin.

    Osasun langile bat PCRak egiteko materialarekin. Argazkia: EFE

Nafarroan beste pertsona bat hil da azken egunetan koronabirusaren ondorioz, eta atzo 52 positibo detektatu zituzten, 2.295 test egin eta gero. Positibotasun-tasa egonkor mantendu da: astelehenean % 2,5ekoa izan zen eta atzo % 2,2koa.

Hala, hirugarren egunez, 50eko langaren inguruan izan dira kasuak. Duela astebeteko datuekin alderatuta, bost gutxiago dira, eta duela bi astekoekin erkatuta, 26 gutxiago.

Asteon hildako laguna 31 urteko gizonezkoa da. Guztira, 1.111 pertsona hil dira Nafarroan pandemia hasi zenetik. Halaber, 51.902 dira kutsatutakoak.

Bestalde, 74 paziente dauden ospitalean, bezperan baino bost gutxiago. Atzo beste bi pertsona ospitaleratu zituzten. Zaintza berezietarako unitatean 16 pertsona daude, eta beste zazpi etxean ospitaleratuta.

Positibien % 70 Iruñean eta inguruko udalerrietan antzeman dituzte. Tutera inguruan % 12 detektatu dituzte, eta Lizarraldean % 6.

Osasunbideako 13.000 profesionalen artean, bost langile daude kutsatuta eta azken astean beste lau beharginek eman dute positibo.

Positibo berriak kontuan hartuta, kutsatutakoen bataz besteko adina 34 urtekoa da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.