Gizartea
Koronabirusa
AstraZenecaren txertoa jasoko duten 30 talde iragarri ditu Osakidetzak
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Aurreikusitakoaren arabera, aste honetan abiatuko dute 80 eta 90 urte bitarteko pertsonen txertaketa. Dagoeneko 90 urtetik gorako 23.491 adineko txertatu dituzte.
-
AstraZenecaren txertoa. Argazkia: EFE
80 eta 90 urte bitarteko euskal herritarrak aste honetan hasiko dira covid-19aren aurkako txertoa jasotzen, Osakidetzak egindako aurreikuspenen arabera. Halaber, Euskal Osasun Zerbitzuak iragarri du AstraZenecaren txertoa hartuko dutela 55 urtetik beherako 30 bat taldek; besteak beste, fisioterapeutek, albaitariek, dentistek, arrantzaleek eta supermerkatuetako kutxetan lanean ari direnek.
Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoan txertaketa kanpaina nola doan azaldu du.
Haren esanetan, 90 urtetik gorako 23.491 pertsona txertatu dituzte dagoeneko, eta horietatik 1.568k etxean jaso dute txertoa. Era berean, azaldu du asmo dutela aste honetan abiatzea 80 eta 90 urte bitartekoen txertaketa.
Bestalde, azpimarratu du, AstraZenecaren txertoak erabilita, txertaketa arinduko duela Osakidetzak. Kasu horretan, Pfizerren eta Modernaren txertoekin alderatuta, luzeagoa da bigarren dosia jasotzeko epea (hiru hilabeteko epea du, hain zuzen ere; besteek aldiz, hiru astekoa).
Behin taldeak zehaztuta, datozen egunetan "ahalegin berezia" egingo dute ahal den pertsona kopuru handiena txertatzeko, Sagarduik esan duenez.
Nolanahi dela, argitu du Eusko Jaurlaritzak txertoak gordetzeko estrategiari eutsiko diola, bigarren dosia bermatze aldera. "Hiru hilabeteko epeak aukera ematen digu hainbat dosi gordeta edukitzeko", nabarmendu du.
Sagarduiren hitzetan, 55 urtetik beherako zenbait taldek ere jasoko dute txertoa aste honetan bertan; oraindik txertatu ez dituzten ertzainek, poliziek, guardia zibilek, suhiltzaileek, etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten profesionalek, hezkuntza arloko langileek, kartzeletako funtzionarioek eta botikariek, adibidez.
Talde berriak
Gainera, esan bezala, beste hainbat talde iragarri ditu:
- Bilboko eta Pasaiako portuko profesionalak
- Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko profesionalak
- Fisioterapeutak
- Osasun Publikoko laborategietako pertsonala
- Unibertsitateaz kanpoko irakasleak.
- Gazteen justizia-zentroetako langileak
- Psikologiako profesionalak
- Podologiako profesionalak
- Optometristak
- Albaitariak
- Hortz-protesigileak
- Arrantzaleak
- Aterpetxeetako profesionalak
- Edo iragaitzazko migratzaileen eta errefuxiatuen harrera-zentroetako profesionalak
Horiez gain, garraio publikoko beharginek, gizarte arloko langileek, supermerkatuetako kutxetan lan egiten dutenek eta presoek ere jasoko omen dute aurki txertoa. "Dosi berriak heldu ahala, talde berriak sortzen joango gara", jakinarazi du.
Hitzordu berriak
55 urtetik beherako EAEko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxeetako irakasleek eta gainerako hezitzaileek covid19-aren aurkako txertoa hartzeko hitzordua eskatu ahal izango dute bihartik aurrera Osakidetzaren webgunean.
Ospitaletako egoera
Sagarduik adierazi duenez, hobera egin du ospitaletako egoerak EAEn. Guztira, 255 pertsona daude logela arruntetan, aurreko astean baino 13 gutxiago.
ZIUn, berriz, 336 ohe dauzkate, eta horietatik % 75,89 daude beteta. Dena den, covid-19ak jota dauden gaixoek oheen herena betetzen dute.
Birusaren aldaerak
Gutxi gorabehera EAEn dauden covid-19 kasuen % 50 aldaera britainiarrarekin lotu dituzte.