Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Positibotasun tasa % 4tik jaitsi da Euskadin

N. B. | EITB MEDIA

Bi asteko intzidentzia-tasa metatuak eta ospitaleko presioak behera egiten jarraitzen dute poliki-poliki. Oinarrizko birsorkuntza-tasa, berriz, hamarren bat igo da berriro.

  • Jendea Gasteizen

    334 positibo berri atzeman dituzte Euskadin. Argazkia: EFE.

Positibotasun tasa % 3,9ra jaitsi da Euskadin, azken orduetan 334 kasu positibo berri atzeman ostean, bezperan baino 120 gehiago. Intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, eta 100.000 biztanleko 204,44 kasukoa da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, 8.560 test diagnostiko egin dituzte astelehen honetan, aurreko egunean baino gehiago (5.125). Horrela, positibotasun tasa % 4,2tik % 3,9ra jaitsi da.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian (172), Gipuzkoan (101) eta Araban (58) igo dira kasuak. EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean, hiru kasu zenbatu dituzte.

Kasuen trazabilitatea, batez beste, % 51koa da azken zazpi egunetan; beste kasu batzuetako kontaktuak izateagatik detektatutako positiboen ehunekoa, berriz, % 37,6koa izan da.

Bi asteko intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du (204,44). Adierazle horrek behera egin du apurka-apurka ostiraletik, 216,85 kasu baitziren orduan.

Gipuzkoa dago egoerarik onenean, 166,70eko intzidentziarekin; Bizkaia dago ondoren, 215,40 kasurekin; eta Arabak du daturik txarrena, 234 kasurekin.

Hiriburuko datuei dagokienez, Donostian behera egin du intzidentzia metatuak, 100.000 biztanleko 83,8 kasukoa baita; Bilbon, 229,1ekoa da; eta Gasteizen, 259,9koa.

Intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) 0,81 da Euskadi osoan (0,82 aurreko egunean).

Oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, 0,90etik gora dago oraindik, 0,92an baitago, igandean baino hamarren bat gehiago. Indize hori zazpi hamarren igo da Gipuzkoan (0,93tik 1era igo da), eta bat Araban (0,91) eta Bizkaian (0,88).

Asistentzia-presioa pixkanaka jaisten ari da, nahiz eta azken egunean ospitaleratze gehiago izan diren (50), baina pertsona gutxiago daude ospitaleratuta Euskadiko ospitaleetako gela arruntetan: 255.

Bestalde, zainketa intentsiboetako unitateetan dauden pazienteek behera egin dute, eta azken orduetan 115 zenbatu dituzte; bezperan, berriz, 118 ziren.

Adinaren arabera, kutsatze berri gehienak 40 eta 64 urte bitartekoen artean gertatzen dira (134 positibo berri), baina 19 eta 39 urte bitartekoen artean (84) eta 18 urtetik beherakoen artean (73 kasu) ere zenbatu dituzte. 65 urtetik gorakoen artean, 42 kasu zenbatu dituzte; horietako 15, 80 urtetik gorakoak dira.

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatu handiena 18 urtetik beherakoen artean dago (271,83), eta txikiena 65 eta 79 urte bitartekoen artean (127,58).

5.000 biztanletik gorako udalerriei dagokienez, hiruk bi astetan metatutako 500 kasuen gainetik jarraitzen dute. Egoera horretan jarraitzen dute Gipuzkoako Aretxabaletak eta Lazkaok, Oñati zerrendatik atera eta gero, eta Deriok (Bizkaia).

Sei positibo Gipuzkoako gizarteratze-baliabideetan

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak jakitera eman duenez, sei kasu positibo atzeman dituzte lurraldeko gizarteratze baliabideetan. Gainera, azaldu duenez, azken astean ez da positibo berririk eman adinekoentzako eta ezinduentzako egoitzetan eta baliabideetan, ezta adingabeentzako zentroetan ere.

Prentsaurrekoan, Mendozak gogorarazi du "otsailaren 26tik" ez dagoela kasu positiborik adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean. Langileen artean, bi dira gaur egun aktibo mantentzen diren kasuak, bi egoitzatakoak.

Arabako egoitzetan, berriz, covid-19aren intzidentzia egonkor mantentzen da, zentro bakarrean hiru kasu positibo izan baitira. Arabako adinekoentzako egoitza-zentroek emandako datuen azken eguneratzean, ez da agerraldi berririk erregistratu azken egunetan.

Txertaketa

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan azaldu duenez, 90 urtetik gorako 23.491 pertsonari jarri diete txertoa; horietako 1.568ri, etxean.

Gainera, Osakidetzak aste honetan kolektibo horren gainerakoei txertoa jarri nahi diela esan du, eta 80 eta 90 urte bitarteko pertsonen artean inokulazioa hastea espero du, baina txertoa jartzea antidotoen eskuragarritasunaren araberakoa izango dela azpimarratu du.

Gelen egoera

Astearte honetan, 68 ikasgela itxi dituzte, astelehenean 86 izan ziren, eta pandemiaren eraginpean dauden ikastetxeak 47 dira, aurreko egunean baino sei gutxiago.

Ikastetxe bakar batek ere ez du jarduera presentziala etenda, eta koronabirus kasuengatik itxitako ikasgelen ehunekoa unibertsitatez kanpoko derrigorrezko irakaskuntzara arte dauden 17.554 gelen % 0,39 da, asteleheneko % 0,49ren azpitik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.