Gizartea
Koronabirusa
Positiboek egonkortzera egin dute eta tasa % 2,8ra jaitsi da Nafarroan
E. G. | EITB Media
Murchanten agerraldia atzeman dute azken egunetan, eta atzo bertan zazpi kasu zenbatu zituzten.
-
Adineko gizon bat, maskara aldean. Argazkia: EFE
Covid-19 kasuek egonkortzera egin dute azken orduetan Nafarroan. Atzokoan 50 positibo zenbatu zituzten, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Zehazki, atzo 1.802 proba diagnostiko egin zituzten (aurrekoan egunean baino 813 gehiago), eta proba gehiago egin arren, positibotasun tasa bi puntu jaitsi da, % 2,8raino.
Bezperako datuekin alderatuta, egonkortzerako joera bistakoa da (47 atzeman zituzten), eta beherakada txiki bat ikus daiteke duela astebeteko (59) zein bi asteko datuekin (57) erkatuta.
Azken egunotan, agerraldia atzeman dute Murchanten, eta horregatik, atzo ere udalerri hori izan zen positibo gehien pilatu zituena: zazpi. Zerrendan bigarren postuan dago Iruñeko Buztintxuri auzoa, sei kutsatzerekin; hirugarren ageri da Antsoain, bostekin, eta Iruñeko Donibane auzoa eta Berriozar, laugarren, launa positiborekin.