Itxi

Gizartea

Ustelkeria

Urdangarin erruztatzea eskatu izana ukatu du Fiskaltzak

Erredakzioa

Komunikatu baten bidez, igandean hainbat hedabidek ateratako informazioei erantzun die. Horien arabera, Urdangarini dirua paradisu fiskaletara bidaltzea egoztea eskatzen zuen Fiskaltzak.

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak Iñaki Urdangarin Palmako Dukea erruztatzea eskatu izana ukatu du komunikatu batean. Fiskaltzak ez du txostenik ezta idatzirik ere aurkeztu horrelakorik eskatu Palma Arena auziaren harian.

Bi paragrafoko prentsa ahorraren bidez, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak hainbat hedabidek igandean ateratako informazioei erantzun nahi izan die, baina haiei erreferentzia zuzenik egin gabe. Informazio horien arabera, dirua paradisu fiskaletara desbideratzea leporatzen dio fiskalak Urdangarini.

"Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak ez du inoiz txosten edo idatzirik plazaratu Iñaki Urdangarin Palmako Dukearen erruztapena eskatzeko, epaitegiak ikertzen ari diren gertaeren harian", azpimarratzen du komunikatuak.

Balear Irletako Ustelkeriaren kontrako Fiskaltza eta Jose Castro epailea, Palmako Instrukzioko 3. Epaitegiko arduraduna, Palmako Dukeak eta Diego Torres kideak zuzendutako ustezko ustelkeria kasua ikertzen ari dira. Kasu horretan, biek Noos Institutuak jasotako funts publikoak eta pribatuak desbideratu omen zituzten.