Itxi

Gizartea

Nafarroa

Parlamentuan kateatutako emakume bat atxilotu dute "agintariei aurka egitearren"

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Emakumearen Nazioarteko Egunaren kariaz Iruñean antolatutako protestan parte hartzen ari zela hartu dute atxilo emakumea, eta polizia etxera eraman dute.

  • Hainbat emakume Nafarroako Parlamentuaren atarian kateatu dira

    Hainbat emakume Nafarroako Parlamentuaren atarian kateatu dira. Argazkia: EFE

Emakume bat atxilotu dute astelehen honetan Nafarroako Parlamentuaren atarian, agintaritzaren aurkako atentatu delitua egotzita. Eraikin horretan, hainbat emakume kateatu dira gaur, Emakumearen Nazioarteko Egunaren kariaz antolatutako protestaren baitan.

Sarasate Pasealekuan hasi dute mobilizazioa, eta, geroago, Nafarroako Parlamentuaren egoitzara gerturatu dira, "gora borroka feminista" eta gisa horretako oihuak lagun. Lelo hori erakusten zuen pankarta handi bat ere bazeraman manifestazioan parte hartu duen emakume taldeak.

Behin Parlamentura iritsita, eraikinaren barroteetan kateatu dira, baina handik gutxira Foruzaingoak kateak moztu dizkiete.

Protestan zehar, istiluak sortu dira manifestarien eta agenteen artean, eta emakume bat atxilotu dute, agintariei aurka egin dielakoan, Foruzaingoko iturrien arabera.

Ondoren, Parlamentu barruan sartu dute atxilotua, eta handik polizia-etxera eraman dute.

Protesta ekitaldian komunikatu bat irakurri dute parte-hartzaileek: "Eraikin honen barruan daudenei edukirik gabeko diskurtsoekin betetzen zaie ahoa, alegia, pertsonen bizitza hobetzen ez duten hitzekin. Bitartean, guk hilabeteak daramatzagu kalean, emakume guztiontzako bizitza duina aldarrikatzen".

"Sinbolismo gehiagorik ez. Nazkatuta gaude zuen begizta eta esku moreekin", esan dute komunikatu horren bidez. Halaber, agintariei ohartarazi diete feministen eskakizunak bete ezean, ez dutela feminismoarekiko inolako konpromisorik erakusten.