Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Librea da mugikortasuna EAE barruan

E. G. | EITB MEDIA

Gauerdian sartu da indarrean dekretua. Urtarrilaren 13an ezarritako mugikortasun mugak altxatu dira, baita eremu gorrian dauden udalerrietan ere. Neurriak Aste Santuaren aurretik berrikusiko dira.

1:22
Mugimendua handia izan da tren eta autobus geltokietan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Gauerdiaz geroztik Euskal Autonomia Erkidego osoan mugitu daitezke herritarrak, mugarik gabe, ia bi hilabeteren ostean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) atzo kaleratu zuen gaur indarrean sartu den eta EAE barruan mugikortasun askea baimentzen duen dekretua, egoera epidemiologikoak hobera egin baitu. Gainera, eremu gorrian dauden udalerriek ez dute aurrerantzean neurri zorrotzagorik bete beharko. Neurriak Aste Santuaren aurretik berrikusiko ditu LABIren Aholku Batzordeak.

Horrenbestez, urtarrilaren 13tik indarrean dagoen lurralde eta udal konfinamendu perimetrala bertan behera geratu da, baina indarrean jarraitzen du EAEkoak.

Horrez gain, udalerrietan neurriak gogortzeko orain arte zegoen 500 kasu baino gehiagoko 14 eguneko intzidentzia tasa metatuak erreferentzia izateari utzi dio.

Osasun publikoaren arloko neurri espezifikoak eranskin batean bildu dituzte. Horren arabera, azterketak eta hautaprobak egiteko deialdiak, eta kongresu eta bilera zientifiko eta profesionaletan parte hartzea, honako arau hauen arabera egingo dira: edukiera % 50era egongo da mugatua, eta erakunde antolatzaileak covid-19aren aurkako protokolo bat izan beharko du, eta bertan bermatu beharko da beharrezko neurriak betetzen direla covid-19aren transmisio-arriskua minimizatzeko.

Ostalaritzari dagozkion murrizketak indarrean egongo dira, eta txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak, itxita. Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezingo da 21:00ak baino beranduago amaitu. 

Era berean, honakoek indarrean jarraituko dute: gehienez lau pertsonako talde bilerak, etxeratze agindua 06:00etatik 22:00etara, % 40ko edukiera 150 metro koadrotik gorako azalera duten merkataritza-establezimenduetan, eta % 60koa, hori baino txikiagoetan. Kultu-aretoetan, edukiera ezingo da % 35etik gorakoa izan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.