Itxi

Gizartea

Feminismoa

Zergatik ospatzen da martxoaren 8a?

EITB MEDIA

Emakumeen Nazioarteko Egunak ez zuen data zehatzik eta ofizialik izan 1975era arte, eta Clara Zetkin politikaria izan zen egun horren sustatzaile nagusia.

  • Emakumeak ukabila gora martxoak 8ko manifestazio batean.

    Emakumeak ukabila gora martxoak 8ko manifestazio batean. Argazkia: artxiboa.

Emakumeen Nazioarteko Eguna, jatorriz Emakume Langileen Nazioarteko Eguna, urtero ospatzen da martxoaren 8an, eta emakumeek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko egindako borroka du atzean. XIX. mende erdialdean du jatorria emakumeen aldeko egunak, baina ez zuen data ofizial eta zehatzik izan 1975. urtean Nazio Batuen Erakundeak (NBE) martxoaren 8a finkatu zuen arte.

Historialarien iritziz, 1908an New Yorkeko ehungintza industriako emakumeek egin zuten greba izan zen Emakumeen Nazioarteko Egunaren jatorria, 15.000 emakume hiriko kaleetara atera baitziren lan-baldintza duinen eske.

1909ko otsailaren 28an, AEBko Alderdi Sozialistak lehen aldiz erabaki zuen Emakumeen Eguna egitea, urtebete lehenago greba egin zuten emakume langileen omenez. Hori izan zen Emakumeen Nazioarteko Egunaren aurrekari zuzena.

Urtebete geroago, 1910ean, Emakume Sozialisten Nazioarteko II. Konferentzia egin zuten Kopenhagen (Danimarka).

100 emakume baino gehiago bildu ziren, eta horietako batek, Clara Zetkin politikariak, emakumeen nazioarteko egun bat ezartzea proposatu zuen, emakumeen eta gizonen arteko eskubide-berdintasuna sustatze aldera. Ondorioz, emakumeen nazioarteko egun bat egitea adostu zuten bertan, eta martxoa aukeratu zuten egun hori ospatzeko.

Zergatik martxoaren 8a?

Konferentziaren ondorengo urteetan, martxoan jarraitu zuten ospatzen, eta hala jarraitu zuten 1975era arte.

NBEk hiru gertaera historikorengatik aukeratu zuen martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Horietako lehena da New Yorkeko ehungintza industriako emakume langileek 1857an egin zuten greba, lan-baldintza duinen eske. Poliziak, baina, isilarazi eta erreprimitu egin zituen. Gertaera hori hurrengo urteetan izan ziren mugimendu sindikal eta sozialen hazia izan zen.

1911ko martxoan, Emakumeen Egunaren lehenengo urteurrenarekin batera, borroka feminista betiko markatuko zuen gertaera tragiko bat jazo zen. 123 emakume langile hil ziren, New Yorkeko Triangle Waist Co. jantzigintza fabrikak su hartu ostean.

Lantegiko jabeek eraikineko ateak ixtea erabaki zuten, eta emakumeak bertan giltzapetuta geratu ziren, sugarretatik ihes egin ezinik.

1917ko Errusiako Iraultza gertakari garrantzitsuenetakoa izan zen Emakumeen Nazioarteko Eguna martxoaren 8an ezartzeko. NBEk dioenez, emakume errusiarrek grebari ekin zioten “ogia eta bakea” lelopean, gerran 2 milioi gizonetik gora hil ostean. Errusiako tsarrak abdikatu egin zuen eta Gobernuak bozkatzeko eskubidea aitortu zien emakumeei.

Juliotar egutegiaren arabera, igande historiko hori otsailaren 23a izan zen, baina gregoriarrari erreparatuz gero, istilu horiek martxoaren 8an jazo ziren.

Emakumeen Nazioarteko Eguna martxoaren 8an ospatzeko arrazoi nagusiak hiru gertakari horiek izan ziren, hirurak martxoan izan baitziren.