Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Zubia: "Egoera ez da ona eta ez gaitezen lasaitu"

ENERITZ GORROTXATEGI | EITB MEDIA

LABIren aholku batzordeak hala erabakita, asteartetik aurrera herrien arteko mugikortasuna ahalbidetuko da EAE osoan, eta neurri horrekin herritarrak lasaitzeko arriskua ikusten du Zubiak.

  • Felix Zubia, Donostia Ospitalean.

    Felix Zubia, Donostia Ospitalean.

Asteartetik aurrera, EAEn, herrietako itxiera perimetrala zabaldu eta erkidego barruan ibiltzeko aukera izango da. Mugikortasunak pertsonen arteko harremana handituko duela ikusita, Felix Zubia Donostia ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak eta Euskadi Irratiko 'Osasun Etxea' saioko medikuak gogorarazi du, oraindik ere, "ezin garela lasaitu" eta, besteak beste, "ahal bada, toki zabaletan elkartzea" gomendatu du.

Neurriak leunduta, herritarrak "lasaitzeko arriskua" ikusten du Zubiak, eta, argi eta garbi adierazi du ez dela erlaxatzeko unea. "Badakigu zer gerta daitekeen, eta egoera oso txarra da oraindik. Berez, 15 eguneko epean 100.000 biztanleko 50-60 kasu azpitik egotea izan beharko litzateke helburua. Lau aldiz gainetik gaude. Egoera ez da ona, eta ez gaitezen lasaitu”, esan du.  

Etzitik aurrera, aspaldian ikusi gabeko lagun eta senideekin berriro elkartzeko aukera egongo denez, elkatze horiek nola egin behar diren gogoratu du Donostia ospitaleko medikuak, Gabonetan gertatutakoa errepika ez dadin: "Talde ahalik eta txikienak izan daitezela, eta, ahal bada, espazio zabaletan egin bilkurak, ez etxeetan eta toki itxietan".

Bestalde, AstraZeneca etxeko txertoek sor ditzaketen albo-ondorioei buruz galdetuta, Zubiak zehaztu du jende gazteak duen sistema immunologikoaren erantzun handiak eragiten dituela sukarra, buruko mina edota ondoeza, baina lasaitasunerako deia egin du, sintoma horiek 36 ordutan murrizten direla azpimarratuz.