Gizartea
Koronabirusa
307 positibo berri zenbatu dira EAEn, kasuen beherakada motelduta
Mikel Dominguez | EITB Media
Azken astean ez da aldaketa handirik izan positibo tasan. % 4,3koa da gaur. ZIUetan covid-19a duten 115 pertsona daude.
-
Galdakaoko Ospitaleko ZIU. Argazkia: EFE
Azken egunean 307 covid-19 positibo berri erregistratu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko jardunaldian (323) eta orain dela astebete (349) baino apur bat gutxiago.
Ostiralean 7.102 proba diagnostiko, PCR zein antigeno, egin dira. Beraz, positibo tasa % 4,3koa da. Otsailaren 25etik tasa % 4tik gorakoa izaten ari da egunero.
157 positibo Bizkaian zenbatu dira, 90 Gipuzkoan eta 56 Araban. Lau kasu EAEtik kanpokoak dira.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 115 pertsona daude zaintza intentsiboetako unitateetan covid-19arekin, eta koronabirusaren ondorioz 48 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan.
Eusko Jaurlaritzak astelehenean emango ditu udalerrien eta R0 indizearen inguruko datuak.
58 positibo berri Nafarroan
Nafarroako Foru Erkidegoan, orain dela zazpi egun baino datu txarragoak erregistratu dira gaur. 58 covid-19 kasu berri zenbatu dituzte, eta positibo tasa % 3,6koa da.