Gizartea
Koronabirusa
Euskadik astean 47.000 dosi jarriko ditu aurrerantzean, 117 txertaketa gunetan
E. L. | EiTB Media
Bigarren dosiak gordetzeko erabakia berriro defendatu du Sagarduik, "beste erkidego batzuek bigarren dosia ezin izan dutelako garaiz eman".
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri duenez, Euskadi covid-19aren aurkako 25 txertaketa gune izatetik 117 izatera pasa da. Horrela, ostiral honetatik datorren asteko ostiralera bitartean 47.000 dosi jarriko dituzte.
Kirmen Orbegozo EAJko legebiltzarkideak sailburuari txertaketa prozesuaren inguruko galdera egin dio kontrol saioan. Legebiltzarreko oposizioak Euskal Autonomia Erkidegoko txerto estrategia gogor kritikatu du orain arte.
Txertatuen immunitatea bermatzeko, bigarren dosiak gordetzeko erabakia berriro defendatu du Sagarduik; "beste erkidego batzuek" iristen zitzaien guztia txertatu ondoren, "bigarren dosia ezin izan dutelako garaiz eman".
"Erreserbaz haratago, Euskadik heltzen zaion guztia txertatzen du, horretarako gaitasuna duelako", ziurtatu du sailburuak. Txertaketa gune gehiago martxan jarri dituztela erantsi du buruzagiak. Orain arte 25 egon dira, baina aurrerantzean 117 izango dira.
Horrela, ostiral honetatik datorren asteko ostiralera 47.000 dosi txertatzea espero du Osakidetzak. Atzo, egun bakarrean, 10.000 txerto eman zituzten. Kanpaina hasi zenetik Euskadik 249.000 txerto jaso ditu, horietatik 44.000 erreserban daude prozesua osatzeko, eta 148.000 injektatu dituzte dagoeneko.
"Soilik atzo 10.000 txerto jarri genituen, beraz, herritarrek pazientzia izan", eskatu du, Osasun Sailak plangintzan "asmatu" duelako.