Itxi

Gizartea

Save the Children

Haur eta nerabeen eskubide berdintasunean aurrera egiteko bidea mantsotu du pandemiak

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Gainera, guraso bakarreko familietan (gehienak emakumea dute buru) pobrezia arriskua handitu du covid-19aren pandemiak, Save the Childrenen arabera.

  • Gazte bat ikastetxera sartzen

    Gazte bat ikastetxera sartzen. Argazkia: EFE

Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Save the Children gobernuz kanpoko erakundea kezkatuta agertu da covid-19aren pandemiak haurren eskubideen aldeko borrokan izan duen eraginagatik, dela Euskal Autonomia Erkidegoan, dela mundu mailan. Horregatik, umeen eta nerabeen berdintasunean aurrera egiteko aukera ematen duten ekintzak sustatzeko beharra aldarrikatu du.

Erakunde honek argi utzi du, gainera, pandemiaren ondorio sozioekonomikoek bereziki emakumeei eta haurrei eragiten dietela. Azken urtean, 500.000 ume egon dira behartuta ezkontzeko arriskuan, eta milioi bat neskato geratu dira haurdun, gogoz kontra.

Ikerketa horrek erakusten du, halaber, datozen bost urteetan 2,5 milioi neskato behartuko dituztela ezkontzera. Horrek esan nahi du 2025erako gisa horretako 61 milioi ezkontza egongo direla munduan.

Bestalde, covid-19aren ondorioz, mutilazio genitala ere haz daitekeela uste du Save the Childrenek.

Bukatzeko, mundu mailan izandako krisi ekonomikoak bultzatuta, eskola utzi behar izan dute ume askok, eta emakumeen kasuan zaurgarritasuna hazi du horrek.

EAEko egoerari dagokionez, guraso bakarreko familietan (gehienak emakumea dute buru) pobrezia arriskua handitu du covid-19aren pandemiak, % 33ra iritsi arte, Save the Childrenen esanetan. 2021ean euskal ekonomiak hobera egiteko aukerak dituen arren, pobrezia ez da txikituko. Hori dela eta, umeei eta talde zaurgarrienei zuzendutako neurriak ezinbestekotzat jo ditu aipatu erakundeak.

Bestalde, gogora ekarri du alarma egoera indarrean zegoen bitartean Satevi zerbitzuak 1961 dei jaso zituela EAEn. Horietatik 1.322 genero indarkeria jasan zuten emakumeen deiak ziren.

Azkenik, lan munduan krisiak emakumeengan izandako ondorio larriei buruzko datuak jaso ditu Save the Childrenek. 2020ko hirugarren hiruhilekoan biztanleria aktiboaren inkestak jasotako datuen arabera, urte amaieran % 18,39ra iritsi zen langabezia tasa emakumeen artean. Gizonen artean, berriz, % 14,39ko langabezia tasa neurtu zuten.