Gizartea
KORONABIRUSA
Eskola-kirolik gabe jarraitzen dute EAEko zenbait herritan
A. S. | EITB MEDIA
Santurtzin egoerak hobera egin du eta eskola-kirola eta talde-kirolei berriro ekingo diete; Aretxabaletan, berriz, galarazi egin beharko dituzte, gune gorrira igaro baita.
-
Geroz eta udalerri gutxiago daude eskola eta talde-kirolik gabe. Argazkia: Pixabay
Euskal Autonomia Erkidegoko 4 udalerrik eremu kritikoenean jarraitzen dute. Herri horietan, beraz, ezingo dute eskola-kirolik egin, ezta joko eta apustu-lokalak ireki ere, Jaurlaritzak astelehen honetan kaleratu duen azken zerrendaren arabera. Lehenengoz, ez dago 5.000 biztanletik beherako udalerririk ebazpenean. Santurtzin egoerak hobera egin du, eta eskola-kirolari eta talde-kirolei berriro ekiteko aukera izango dute; Aretxabaletan, berriz, debekatu egin beharko dituzte, eremu gorrira igaro baita.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eremu gorrian dauden udalerrietako taberna eta jatetxeei ateak irekitzeko baimena eman arren, gainerako neurriek, hala nola joko eta apustuetarako establezimenduei eta kirolari dagozkienak, bere horretan jarraitzen dute, hau da, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua 500 kasutik gora duten udalerriak hartzen dira kontuan.
Osasun Sailak ostegun honetan neurri gogorrenen eraginpean dauden udalerrien zerrenda eguneratu du. Ostegunean 54 zeuden bertan, eta gaur, berriz, 3.
Hauek dira gune gorrian dauden 5.000 biztanletik gorako udalerriak:
Araban ez dago udalerririk zerrendan.
Bizkaian bakarra dago: Derio.
Gipuzkoan 2 daude: Oñati eta Aretxabaleta.
Bestalde, egoera epidemiologikoak bultzatuta, neurriak aplikatzeko beharra duten 5.000 biztanletik beherako udalerrien zerrendan, berriz, udalerri bakarra ageri da: Ibarra.
Eusko Jaurlaritzak astelehenetan eta ostegunetan argitaratzen ditu osasun-egoerarik larriena duten udalerrien zerrenda. Arestian esan bezala, hiri eta herri horietan, taldean eta eskoletan kirola egitea galarazita egongo da, eta apustu-etxeak itxita izango dira.
Urtarrilaren 25az geroztik, udalerri guztiak perimetralki itxita daude, eta funtsezko eginkizunetarako soilik baimentzen dira joan-etorriak, hala nola ikasteko, lanerako edo pertsonak zaintzeko. Dena dela, astelehenaz geroztik udalerri mugakideetara joateko aukera dago, jarduera sozioekonomikoetarako edo aire librean kirola egiteko.