Itxi

Gizartea

45. Urteurrena

Martxoaren 3ko biktimentzat memoria eta justizia aldarrikatu dituzte Gasteizen

EITB MEDIA | Agentziak

Lore eskaintza eta manifestazio jendetsua egin dituzte Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an Poliziak hil zituen bost langileak gogoratzeko.

1:20
Manifestazioa Gasteizen. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Gaurko egunez, duela 45 urte, greban ziren ehunka langilek batzarra egin zuten Gasteizko San Frantzisko elizan. Poliziak tiroka desegin zuen eta bost behargin hil zituen: Pedro Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda.

Urtero bezala, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko eta inpunitatea salatzeko (oraindik ez dute inor epaitu hilketa haiengatik) hainbat ekitaldi izan dira hirian, erakundeek, sindikatuek eta alderdi politikoek antolatuta.

Arratsaldean, manifestazio jendetsua egin dute Gasteizko kaleetan barrena. Martxa abiatu aurretik, Martxoak 3 biktimen elkarteko ordezkari batek adierazpen bat irakurri, eta, besteak beste, "memoria integrala" aldarrikatu du Euskal Herrian bizikidetza eraikitzeko.

Hala, gogor kritikatu du Espainiako Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroa Gasteizen eraiki izana, "Estatuko aparatuek eragindako milaka biktima bazterrean uzten dituenean".

Manifestazioa Martxoak 3 biktimen elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deitu dute, eta 'Zaindu gintuztelako, zainduko ditugu' lelopean egin dute. Martxan zehar, istiluak ere izan dira, manifestari batzuek botilak eta bengalak jaurti dituztelako.

Goizean, martxoaren 3ko biktimak oroitzeko monolitoan lore eskaintza egin dute Eusko Jaurlaritzako, Gasteizko Udaleko, Arabako Foru Aldundiko, alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkariek.

Besteak beste, hauek izan dira bertan: Idoia Mendia lehendakariordea, Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburua, Gorka Urtaran alkatea, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, Jose Antonio Suso Arabako EAJko presidentea, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea eta Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusia.

Beatriz Artolazabalek gertakari haiek nola bizi izan zituen ekarri du gogora: "Bost urte nituen, baina egun haiek oso ondo oroitzen ditut. Tiro-hotsak gogoan ditut. Txikiak ginen, baina bagenekien gertatzen ari zena larria zela eta beldurtuta geunden".

Horrez gain, sarraskiari buruzko memoriala San Frantzisko elizan ezartzeko akordioa azpimarratu du, eta biktimak erdigunean daudela ziurtatu du.

Idoia Mendiak lehendakariordeak esan du bost behargin haiek "beren lankideen eskubideak defendatzeagatik" hil zituztela, eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren omenaldia merezi dutela erantsi du.

Jose Antonio Susok (EAJ) adierazi du biktimei "egia, justizia eta erreparazioa" bermatzea ezinbestekoa dela, eta "sarraski horren erantzuleak nortzuk izan ziren jakiteko" erakunde eta foro guztietan ahal duten guztia egingo dutela agindu du.

Miren Gorrotxategiren (Elkarrekin Podemos-IU) iritzian, "gertatutakoa ezin dugu ahaztu, zigorrik gabe gera ez dadin". "Ez dugu ahaztuko. Borroka hura erreferentea da  guretzako", gaineratu du.

Loli Garcia (CCOO) sindikalistaren esanetan, "langile klasearen borroka erabakigarria izan zen demokrazia lortzeko". Hala, positibotzat jo du "memoria langileriaren borrokaren ikuspegi integralaren bidez berreskuratzea".

Lore eskaintzan parte-hartzeaz gain, EH Bilduk ekitaldi propioa egin du bere aldetik. Mikel Oterok azpimarratu du San Frantzisko elizak hartuko duen memoriaren zentroa martxan jartzeko instituzioek biktimak eta eragile sozialak kontuan hartu behar dituela, aurrerantzean ere "eragile aktibo izan daitezen".

Halaber, "duela 45 urte bezala, gaur ere herri duin bat izaten jarraitzen dugu, duintasuna eta elkartasuna erakutsiz", adierazi du.

Koalizio subiranistak antolatutako ekitaldi politikoaren aurretik, LAB sindikatuak giza katea egin du inguru horretan.  

 

BIDEOA | Lore eskaintza martxoaren 3ko monolitoan

45. urteurreneko ekitaldiak

1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren 45. urteurrena dela eta, horren inguruan antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute. Martxoak 3 elkarteak hauek nabarmendu ditu:

- Martxoaren 2tik 10era: "Gasteiz 1976: Grebatik Sarraskira" erakusketa, Hizkuntza Eskolan (Mendizabala).

- Martxoaren 13tik 31ra: "Gasteiz 1976: Grebatik Sarraskira" erakusketa, Gasteizko Gaztetxean.

- Martxoaren 2an: Luis Ziarrustaren argazki erakusketaren inaugurazioa, Zaramagako Adinekoentzako Zentro Soziokulturalean.

- Martxoaren 3an: 18:00etan, omenaldia monolitoan eta manifestazioa (ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek antolatuta, Martxoak 3 elkartearen parte-hartzearekin).

- Martxoaren 26tik aurrera: Vitoria 3 de marzo filma, zinema-aretoetan (gutxienez astebetez egongo da ikusgai).