Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Aste Santua igaro arte erkidegoek itxita jarraitzea nahi du Espainiako Gobernuak

agentziak | eitb media

Erkidego guztien artean adostasuna bilatu nahi dute gaur Espainiako Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluan.

1:41
Bilbo. ETBren bideo batetik ateratako irudia.

Espainiako Osasun Ministerioak Aste Santua igaro arte luzatu nahi ditu hainbat murrizketa neurri, tartean erkidegoen itxiera perimetralari eutsi nahi dio martxoan eta apirilean, eta bestelako mugikortasun muga batzuk bere horretan utzi metatutako intzidentzia-tasa 50 kasutik jaitsi arte.

Espainiako Gobernua eta erkidegoak testu bat prestatzeko lanean ari dira duela egun batzuetatik Aste Santuan neurriak arintzeak ekar lezakeen laugarren olatua galarazteko, eta gaur horretan jarraituko dute Espainiako Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluan.

Carolina Darias buru duen Osasun Ministerioaren helburua da Aste Santuan erkidegoek itxiera perimetralari eustea, Jesus Fernandez Sanz Gaztela-Mantxako Batzordeko Osasun kontseilariak aurreratu duenez.

Ministerioko teknikarien iritzia zein den astelehenean aurreratu zuen Fernando Simon Osasun Alerta eta Emergentziak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak, baldintzak bete ezean erkidegoak irekitzea proposatu ere ez dela egin behar esan baitzuen.

"Epidemiologoa naiz, epidemia kontrolatzea da nire helburua, eta, noski, nire ikuspegia enpresariek, adibidez, izan dezaketena ez bezalakoa da. Irekitzeko baldintzak betetzen ez badira, planteatu ere ez litzateke egin behar", azpimarratu zuen.

Iritzi hori justifikatzeko, Gabonetan gertatutakoa gogorarazi zuen. "Ez dakit salbatu genuen ala ez, baina salbatu genuen apurrarekin ikusi dugu urtarrilean zein eragin izan zuen", gaineratu zuen Simonek, egun ospitaleetan dagoen egoera ikusita beste olatu batek min handia egingo lukeela aipatu aurretik.

Hala, osasun teknikariek "kutsatzeak ahal den heinean kontrolatzea" lehenetsi omen dute, "jaiak, Aste Santua edo manifestazioak salbatzearen gainetik".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.