Gizartea
ELKARRIZKETA
Sagardui: 'Intzidentzia ez da adierazle bakarra, ZIUetan tentsioa handia da oraindik'
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri duenez, aste honetan zehar probak egingo dituzte Illunbeko zezen plaza txertaketa masiboetarako gune bihurtzeko.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astelehen honetan azpimarratu duenez, "aste honetako bilakaerak" baldintzatuko ditu LABIren Aholku Batzordearen ostiraleko erabakiak. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin diote elkarrizketan azaldu duenez, intzidentzia metatua 300dik beherakoa bada ere, beste adierazle batzuk ere kontuan izan behar dira. "Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) tentsioa handia da oraindik, 122 pertsona daude ospitaleratuta", ohartarazi du sailburuak. Halaber, Illunbeko zezen plaza txertaketarako lehen espazio publiko handi bihurtuko dela aurreratu du.
Sagarduiren arabera, "iristen diren heinean txerto gehiago emateko gaitasuna du Euskal Autonomia Erkidegoak". Sagarduik ez du espero Pfizer eta Moderna etxeen txertoen kopuru gehiago iristea eta AstraZenecak arazoak dituela gogorarazi du: "Gutxienez (hornidura) mantentzea espero dugu". 90 urtetik gorakoei (30.000 pertsona baino gehiago) Pfizer eta Moderna etxeen txertoak soilik jarri ahal zaizkiela nabarmendu du. "Beharrezkoa balitz" autotik jaitsi gabe txertatzeko aukera 90 urtetik gorakoei ere eskaini ahal zaiela adierazi du, baina Osakidetzak txertaketarako aurreikusi dituen 25 guneak lehenetsi ditu. Halaber, onartu du ez zela egokia izan Quintas sailburuordeak Benidormen egon zitezkeen 100dik gorako euskal herritarrei buruz esandakoa.
"Aste honetan AstraZenecaren txerto gutxiago jasoko ditugu", esan du Sagarduik, eta "martxoan erritmoa berreskuratzen saiatuko dira". Sagarduiren hitzetan, dosien erreserba estrategikoarekin jarraituko du Eusko Jaurlaritzak, hiru asteko gorabeheraren bat izanez gero erantzuna eman ahal izateko. "Baina oso txarra izango litzateke hamabi astez gorabeherak izatea", gehitu du.
Sagarduik baztertu egin du Pfizerren txertoaren dosi bakar bat jartzeko aukera, ikertzaile batzuek aholkatu dutenaren aurka. Osasun Publikoaren Batzordeak eta Sendagaien Europako Agentziak ez dute oraindik beren iritzia eman. Halaber, 55 eta 60 urte bitartekoekin ez daudela ahaztuta ere aipatu du.
Erresuma Batuko aldaerak birusa azkarrago zabaltzea ekar dezakeen galdetuta, hori esateko ebidentziarik ez dagoela erantzun du Sagarduik.
Irakasleak txertatzeko Mutualiarekin lankidetzan aritzea defendatu du: "indarrak eta baliabideak batu ahal izateak gauzak errazten ditu".
Martxoaren 8aren harira, berriz, aurten ez dela manifestaziora joango aurreratu du. "Sormenerako garaia da", amaitu du.
Erredakzioan itzulia