Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Johnson & Johnson-en txertoaren larrialdiko erabilera onartu dute Estatu Batuetan

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Dosi bakarrean ematen da eta ez du hozgailu berezirik behar. Adin tarte guztietarako balio du eta eraginkorra da aldaera berrien aurrean. Europak martxo erdialdean onar dezake.

  • Johnson & Johnson-en txertoa.

    Johnson & Johnson-en txertoa. Argazkia: EFE

Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA) larunbat honetan onartu du Johnson & Johnsonen covid-19 txertoaren larrialdiko erabilera (Janssen).

Johnson & Johnsonen txertoa Ameriketako Estatu Batuetan onartutako hirugarrena da, Pfizer eta Modernaren txertoekin batera.

"Txertoa baimentzeak txertoen eskuragarritasuna handitzen du, eta txertoak dira covid-19aren prebentzio neurririk onena. Gogoan izan Ameriketako Estatu Batuetan milioi erdi pertsona baino gehiago hil direla", adierazi du Janet Woodcock FDAko bitarteko komisionatuak ohar batean.

Albistea jakin ostean, Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak esan du "aurrerapauso pozgarria" dela "krisiari amaiera emateko ahaleginean", eta datozen asteetan horrelako albisteei buruz hitz egiten jarraitzea espero duela gaineratu du. Hala ere, Bidenek ohartarazi duenez, "litekeena da koronabirusaren aldaera berriak zabaldu ahala gauzak berriro okertzea".

Janssen etxeak, Johnson & Johnsonen konpainia farmazeutikoak garatutako txertoa dosi bakarrean jartzen da eta ez du hozgailu berezirik ez du behar gordetzeko. Adin tarte guztietan egin dira saio klinikoak eta horiek erakutsi duten txertoak % 66ko eraginkortasuna duela koronabirusaren aldaerekin eta % 85eko eraginkortasuna duela kasu larrien babesean.

Aurreikuspenen arabera, txerto hau martxoaren erdialdean onartuko da Europan.