Gizartea
Txertaketa
Urkulluk txertoak herrialde pobretuetara iristeko borondatea adierazi du
Mikel Dominguez | EITB Media
Elkartasuna eta gizatasungatik covid-19aren kontrako txertoak mundu osora heldu behar direla azpimarratu du lehendakariak. "Pandemia mundu osoan gainditzen da edo ez da gainditzen", gehitu du.
-
Erizain bat txertoa jasotzen Guatemalan. Argazkia: EFE
Covid-19aren kontrako txertoak "planetako biztanle guztiengana" iritsi behar direla esan du Iñigo Urkullu lehendakariak, sare sozialetan plazaratutako mezu batean, eta Eusko Jaurlaritzak COVAX babesten duela eta txertoak herrialde guztietara irits daitezen borondatea duela adierazi du.
Urkulluren arabera, txertoak "osasun sistemen ikuspegitik ahulenak diren" herrialdeen artean banatu behar dira "bereziki", "elkartasun- eta gizatasun-printzipioekin konprometituta". Bere aburuz, helburu hori "modu multilateralean partekatu beharko litzateke nazioartean".
Gainera, printzipio horiez gain, beste arrazoi "berekoiagoak" ere badaudela esan du lehendakariak. "Pandemia mundu osoan gainditzen da edo ez da gainditzen", adierazi du. Izan ere, "herrialde bakoitzaren segurtasun propioa, ekonomia propioa eta osasun publikoa ez dira salbu egongo immunitatea kontinente eta herrialde guztietara iristen ez bada".
Horregatik, Eusko Jaurlaritzak COVAX, "txertaketa globala eta solidarioa bermatzera bideratutako nazioarteko ahaleginak", babesteko konpromisoa adierazi du Urkulluk, otsailaren 19an Espainiako Atzerri ministroari esan zionez. Bestetik, "txertoak baliabide gutxien dituzten herrialdeetara iristen laguntzeko borondatea" ere adierazi du, "zuzenean eta horretarako prestatutako bideetatik".
Lehendakariak panemian zehar beste autonomia erkidegoei eta Peru bezalako beste herrialdeei baliabideak eskaini dizkiola gogorarazi du. "Orain, osasun globalaren aldeko lankidetza aldeaniztuna indartu nahi da", esan du.