Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Covid-19a gainditu duten 55 urtetik beherakoei txertoaren dosi bakarra emango diete

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Osasun Ministerioak txertaketa-protokoloa eguneratu du eta, besteak beste, gaitza igaro duten pertsonekin jarraituko duten irizpideak zehaztu ditu.

  • Langile bat covid-19aren aurkako txertoa hartzen, Gasteizen.

    Langile bat covid-19aren aurkako txertoa hartzen, Gasteizen. Argazkia: EFE

Espainiako Osasun Ministerioak koronabirusari aurre egiteko txertaketa-protokoloa eguneratu du. Alde batetik, 56-59 urte arteko pertsonekin eta gaixotasun larriak dituzten 60 urtetik beherakoekin bi talde sortu ditu; bestetik, covid-19a gainditu duten herritarrekin nola jokatuko behar den zehaztu dute.  

Inoiz covid-19arekin kutsatuta egon diren lagunekin bi talde egin dituzte: 55 urtetik gorakoak eta beherakoak.

Txertoaren lehen dosia jaso duten 55 urtetik gorako pertsonei bigarren dosia hartzea gomendatzen zaie. Lehen dosia hartu ostean gaixotu direnek, berriz, sendatu arte itxaron beharko dute bigarren dosia jartzeko. 55 urtetik beherakoen kasuan, txertoaren dosi bakarra jasoko dute, positibo eman zutenetik sei hilabete baino gehiago igaro ez badira behintzat. Alabaina, bi dosien arteko epealdian kutsatuko balira, bigarren dosia hartu beharko lukete.  

Osasun Publikoaren Batzordearen arabera, SARS-CoV-2 birusarekin kutsatu diren pertsonen gehiengo zabalak antigorputzak sortzen ditu eta oso kasu gutxi dira gaitza jasan eta hurrengo sei hilabeteetan berriro gaixotu direnak. Oraingoz, baina, ez dute argitu zenbat denbora egongo diren immunizatuta.  

Bestalde, orain arteko informazio zientifikoa kontutan hartuta, txertoa jarri aurretik edo ondoren proba serologikorik ez egitea gomendatzen du Osasun Minsterioak, aholku hauek guztiak behin-behinekoak direla eta informazio berria egiaztatu ahala irizpideetan aldaketak egon daitezkeela azpimarratuta.

Horrez gain, 70-79 eta 60-69 urte arteko taldeak sortu dituzte. 80 urtetik gorakoekin amaitu ostean hasiko dira adin-tarte horietako pertsonei txertoa jartzen.

Halaber, 56-59 urte arteko taldea eratu dute. Aurreko kasuekin bezala, Pfizer eta Moderna konpainiek garatutako txertoak jarriko dizkiete, Sendagaiaren Europako Agentziak bestelako txertorik onartzen ez duen bitartean behintzat.

60 urtetik gorakoei txertoa jarri eta gero, arriskuan dauden 16-18 eta 60 urte arteko herritarren txanda izango da. Alabaina, oraindik ez dute zehaztu zeintzuk diren arriskutsutzat hartuko diren gaitzak.  

Protokolo berrian AstraZeneca konpainiaren txertoa emateko gomendioak ere biltzen dira: funtsezkoak diren kolektiboetako –suhiltzaileak, poliziak edota irakasleak- 55 urtetik beherako beharginei zuzenduta dago. Horiei guztiei eman ondoren, 45 eta 55 urte arteko herritarrei jartzea aurreikusi dute.