Gizartea
ZIRGARI SARIAK
Pandemiako emakume langileak, berdintasunaren aldeko ohorezko saridunak
EITB MEDIA
Lagun Artean elkarteak, Deustuko Unibertsitateko Inspira STEAM programak, Diz-Diz eta Neba-Neba elkarteek ere jasoko dute saria.
-
Pandemiako emakume langileak, berdintasunaren aldeko saridunak. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k berdintasunaren aldeko Zirgari sarien seigarren edizioan saritu dute emakume langileek pandemian (ohorezko kategoria) egindako funtsezko lana, bizitzarako funtsezkoak diren zerbitzuei eustea ahalbidetu duelako.
Honako hauek ere saritu dituzte: Lagun Artean elkartea (Emakumeen aurkako Indarkeriaren Kontrako kategoria), Deustuko Unibertsitateko Inspira STEAM programa (Ahalduntzea eta Balio Aldaketa kategoria) eta Mungiako Diz-Diz eta Sestaoko Neba-Neba elkarteak (Herritartasun Aktiboa kategoria).
Epaimahaiaren erabakia Teresa Laespada Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak eta Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak emandako prentsaurrekoan aurkeztu dute. Sariak banatzeko ekitaldia edukiera murriztuarekin egingo da martxoaren 5ean Bilboko BBK aretoan, eta zuzenean jarraitu ahalko da Bizkaiko Foru Aldundiaren YouTubeko kanalean eta TeleBilbaon.
Ohorezko Saria pandemiako emakume langileei eman diete. Ildo horretan, anestesisten, erizainen eta gainerako osasun-langileen, supermerkatuetako langileen, Gurutze Gorriko eta beste erakunde batzuetako langileen, adinekoen egoitzetako langileen, garbiketako langileen edo farmazian artatzen gaituztenen garrantzia aitortu dute. "Pandemian zehar oinarrizko zerbitzuei eutsi dieten pertsonak, gehienak emakumeak izan direnak".
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Borroka saritzen duen kategorian, Lagun Artean elkarteak bere harrera-zentroan egindako lana aitortu dute. 26 profesionalek eta 72 boluntariok osatzen dute elkartea. Duela 15 urtetik hona, 163 emakume eta 97 adingabe artatu ditu zentro horrek, bere esku-hartzean genero-ikuspegia txertatuz.
Ahalduntze eta Balio-aldaketa kategorian, Inspira STEAM programa saritu dute. Deustuko Unibertsitateak 2016-2017 ikasturtetik du martxan programa hau, nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoak bultzatzeko. Lehenengo edizioan, 17 emakumek parte hartu zuten mentore gisa, 11 eskolatan eta 200 neskekin. 2019-2020 ikasturtean, pandemiaren aurrekoa, 80 ikastetxe baino gehiago izan ziren eta 228 emakume eta 21 gizon izan ziren mentoreak 2.354 neskarentzat eta 2.369 mutilentzat.
Mungiako Diz Diz Elkarteak eta Sestaoko Neba Neba Elkarteak jaso dute Herritar Aktiboak Saria.
Diz-Diz Mungiako Emakumeen Kultur Elkartea 1995ean eratu zen, eta emakumeen eta gizonen berdintasuna eta emakumeek bizitza kulturalean, sozialean edo ekonomikoan parte hartzea sustatzen du. Gainera, emakume guztien prestakuntza, askatasuna eta ahalduntzea defendatzen ditu, beren nortasuna eskuratzea lortzeko, beren autoestimua jarduera guztien bidez sustatuz. Gaur egun, 318 emakumek osatzen dute, eta guztira 864 emakume igaro dira bertatik, 18 eta 84 urte bitartekoak.
Bestalde, Neba-Neba Sestaoko Emakumeen Elkarteak laguntza psikologikoa, aholkularitza legala eta prestakuntza zerbitzuak ematen ditu, baita mobilizazioa, kontzientziazioa eta salaketa ekintzak egin ere. 1998az geroztik, elkarteak "udalerriko emakumeen bizi-kalitatea hobetzeko" egiten du lan. Jarduera askoren artean, erantzunkidetasunaren aldeko sentsibilizazio-jarduerak bultzatzen ditu ikastetxeetan. Gaur egun, 178 emakumek osatzen dute.