Gizartea
Koronabirusa
AstraZeneca EBtik kanpoko lantegiak erabiltzea aztertzen ari da epeak bizkortzeko
agentziak | eitb media
"EBn ekoizten denaren zati handiena EBn geratzen da", berretsi du konpainia britainiarraren kontseilari ordezkariak.
-
AstraZenecaren txertoa. Argazkia: Efe
AstraZeneca Europar Batasunetik kanpoko lantegiak erabiltzea ari da aztertzen covid-19aren aurkako txertoaren dosi gehiago ekoizteko, lehenengo hiruhilekoko atzerapenetan galdutako denbora berreskuratzeko.
Farmazia enpresa britainiarrak Europako Batzordearekin adostutako baino % 60 dosi gutxiago entregatuko ditu, eta bera izan da protagonista gaur Europako Parlamentuan, CureVac, Moderna, Pfizer, Sanofi eta Novavaxekin batera egindako agerraldian.
Eurodiputatu gehienen kritiken aurrean, Pascal Soriot AstraZenecaren kontseilari ordezkariak esan du enpresak ekoizpena "mundu mailan" kudea dezakeela ekoizpen arazoei aurre egiteko eta, horrela, urte hasierako atzerapena konpontzeko.
"Ikusten ari gara beste lantegi batzuek nola lagun dezaketen EBrentzako ekoizpenean eta banaketan, bigarren hiruhilekoan aurreikusten dugun dosi kopurura iristeko. Toki desberdinetako lantegiak izan litezke, AEBkoak barne", adierazi du Soriotek.
Dena dela, farmazia konpainia atsedenik gabea lanean ari dela hitzeman du, EBrekin duen konpromisoa betetzeko, eta uda aurretik atzerapenak konpentsatzea espero du. "Errendimendua hobetzen ari da, eta litekeena da bolumena handitzea lantegietan ekoizpenean ikasten eta hobetzen duten heinean", azpimarratu du.
Soriotek azaldu duenez, lantegietan txertoa ekoizteko prozesuaren ezjakintasunak eragin du atzerapena, eta ez du erantzun nahi izan AstraZenecak Erresuma Batuko ekoizpena lehenetsi duen ala ez. "EBn ekoizten denaren zati handiena EBn geratzen da", berretsi du konpainia britainiarraren kontseilari ordezkariak.