Gizartea
Emakumearen Eguna
Euskal Herriko Mugimendu Feministak protestak deitu ditu "neurriak errespetatuz"
EiTB MEDIA
Martxoaren 8ra begira, sisteman arrakalak sortzeko konpromisoa adierazi nahi dute. "Aurkituko dugu bidea kaleek salaketarako gune izaten jarrai dezaten", esan dute.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioak antolatuko ditu datorren martxoaren 8rako, Emakumearen Nazioarteko Egunerako, betiere "arduraz jokatuta eta osasun neurriak errespetatuz". Aurten, helburu dute sisteman arrakalak sortzeko konpromisoa adieraztea. "Osasun murrizketek eta mugikortasunerako ditugun oztopoek zaildu egingo dute ohiko mobilizazioak antolatzea, baina aurkituko dugu bidea kaleek salaketarako gune izaten jarrai dezaten", esan dute ohar baten bidez.
Horrela, Donostian, Antiguotik abiatuko da martxoaren 8ko manifestazioa 18:30ean. Ordu erdi geroago ekingo diote Gasteizko protestari San Anton plazatik, eta ordu berean, Jesusen Bihotzean hasiko dute bilbotarrek mobilizazioa. Iruñean, berriz, 20:00etatik aurrera, auzoz auzo zabalduko dute aldarri feminista. Bukatzeko, Baionan, 12:00etarako deitu dute manifestazioa.
Gainera, beste hainbat herritan ere egingo dituzte protesta ekitaldiak. "Horrenbestez, arduraz jokatuta, emakume, trans eta bollerak Euskal Herriko kale eta plazak hartzera deitu nahi ditugu. Arrazismoaren aurka dagoen herri feminista eta antikapitalista eratu nahi dugu. Gora borroka feminista!", aldarrikatu du mugimendu feministak.
"Bi urte igaro dira greba orokorra egin genuenetik, eta bizitzak erdigunera eramateko beharra azpimarratzen jarraitzen dugu. Duela urtebete elkartu ginen azkenekoz borroka feministaren alde. Harrezkero, covid-19aren pandemiak krisi sistematikoa loratu du", nabarmendu dute.
Ildo horretan, gobernuen jarrera kritikatu dute: "Kapitala lehenetsi dute gure osasunaren aurretik. Mugak eta kaleak militartu dituzte, gehiegikeria poliziala jasan behar izan dugu, ehunka langile kaleratu dituzte, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza dela eta, erabakitzeko eskubidea urratu digute, okupatutako guneak hustu dituzte, indarkeria matxista ez da eten eta feminizatutako sektoreak gogor kolpatu ditu krisiak, bereziki egoera irregularrean dauden beharginen kasuan", salatu dute.