Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

300 kasutik behera jaitsi da intzidentzia metatua Euskadin

N. B. | EITB MEDIA

402 positibo berri, % 3,9ko positibotasun tasa eta 294,54 kasuko intzidentzia metatua erregistratu ditu EAEk. R0a jaisteaz gain, zainketa intentsiboetako unitatean hiru gaixo larri gutxiago dituzte.

  • Osasun langileak proba diagnostikoak egiten

    Osasun langileak proba diagnostikoak egiten. Argazkia: EFE.

Urtarrilaren 9tik lehen aldiz, 100.000 biztanleko 300 kasutik behera jaitsi da Euskadi, 294,5eraino, azken orduetan 402 kutsatze berri diagnostikatu eta gero, % 3,9ko positibotasun tasarekin.

Azken datu horiekin, bi asteko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 218,6 kasukoa da Gipuzkoan, 268,9koa Araban eta 342,3koa Bizkaian.

Intzidentzia tasarik altuena 18 urtetik beherakoen artean (434,82) eta 19 eta 39 urte bitartekoen artean (302,11) dago. Txikiena 65 eta 79 urte bitarteko biztanleena da: 161,90.

Atzo, 10.179 test diagnostiko egin ziren Euskadin, eta 402 pertsonak eman zuten positibo, bezperan baino hiru gutxiagok; egun horretan, gainera, 500 proba gutxiago egin ziren, eta positibotasun-tasa astearteko % 4,2tik asteazken honetako % 3,9ra jaitsi da.

Bizkaian 219 detektatu dituzte, Gipuzkoan 103, Araban 78, eta gainerako biak autonomia erkidegotik kanpo bizi dira.

Adinaren arabera, asteazkenean atzemandako kutsatze berri gehienak 40 eta 64 urte bitartekoen taldean (160 berri positibo), 18 urtetik beherakoen taldean (95 kasu) eta 19 eta 39 urte bitartekoen artean (88 kasu) detektatu dituzte. 65 urtetik gorakoek 59 kasu zenbatu dituzte, horietatik 23, 80 urtetik gorakoen artean.

Oinarrizko birsorkuntza tasa, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, 0,9an zegoen asteartean eta 0,87ra jaitsi da asteazkenean, baina Araban 1 izaten jarraitzen du.

Ospitaleko presioak azken egunetako joera onari eusten dio, eta asteartean baino lau pertsona gutxiago daude ospitaleratuta; zainketa intentsiboetako unitateetan 129 gaixo daude oraindik, aurreko egunean baino hiru gutxiago.

Asteazken honetan, 57 pertsona (aurreko egunean baino 13 gehiago) ospitaleratu dituzte eta 332 gaixo daude gela arruntetan.

Euskadiko 5.000 biztanletik gorako udalerrien artean, lau dira 100.000 biztanleko 500 kasuko tasa gainditzen duten herriak. Zehazki, Derio, Santurtzi eta Sopela bizkaitarrek eta Oñatiko gipuzkoarrak jarraitzen dute tasa horren gainetik.

Pandemiaren agertoki aldaketa berri hori hilaren 13an kutsatzeko arrisku handiko 500 kasuetatik jaistea lortu ostean gertatu da; izan ere, urtarrilaren 21etik zegoen egoera horretan autonomia erkidegoa.

Nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren pandemiaren kudeaketa planak (Bizi Berri III) autonomia erkidegoan eguneko mugikortasunaren murrizketak amaitzea aurreikusten duen 300 kasuetatik jaitsiz gero, ostegun honetan jakinarazitako aldaketak ez du berehalako ondoriorik izango; izan ere, martxoaren 5era arte ez da aurreikusten Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku-batzordearen bilerarik, eta bertan hartu behar dituzte horrelako erabakiak.

Osasun Ministerioak asteazken honetan jakinarazi duenez, Euskadi da, Madril, Ceuta eta Melillarekin batera, 250 kasutik gorako intzidentzia duen lurralde bakarra.

Hezkuntzaren esparruan pandemiak egonkor jarraitzen du. Ez dago jarduera presentziala erabat etenda duen ikastetxerik, baina 51 ikasgela, atzo baino bat gutxiago, itxita daude 34 ikastetxetan (aurreko eguneko kopuru bera), covid-19aren kasuren bat detektatu dutelako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.