Itxi

Gizartea

Ordu-aldaketa

Ordu aldaketa, larunbat goizaldean: 02:00etan 03:00ak izango dira

EITB MEDIA

Udaberriari hasiera emateko eta udako ordutegiarekin hastearren, erlojua ordubete aurreratu eta, ondorioz, beranduago helduko dira egunsentia eta ilunabarra.

  • Horma-erlojuak.

    Horma-erlojuak. Argazkia: Andrey Grushnikov (artxibo)

Martxoaren azken igandean, hilaren 28an, ordua aldatu beharko da, udako ordutegira moldatzeko. Goizaldean ordubete aurreratuko da erlojua, eta 02:00etan 03:00ak izango dira, eta, ondorioz, egunsentia eta ilunabarra ordubete atzeratuko dira.

Ordua aldatzearen edo ez aldatzearen polemika mahai gainean egon da beti. Batetik, ordu-aldaketaren aurka daudenek, EOABN (Espainiako Ordutegiak Arrazionalizatzeko Batzorde Nazionala) elkartea esaterako, ordua aldatzeak ez duela zentzurik esaten dute, besteak beste, “lanaldiak oraindik ere izugarri luzeak direlako”.

Bestetik, ordu-aldaketaren aldekoek beharrezkoa dela esaten dute, batez ere argi-orduengatik. Hala dio, behintzat, Jorge Mira Santiagoko Unibertsitatean Fisika Aplikatuan katedradunak: “Urtean birritan egiten ditugu ordu jauzi horiek, baina horren truke ordu gehiago ditugu zazpi hilabetean eguzki-izpiez gozatzeko”.

Zientzialarien artean ere eztabaida sortu da. Aldaketaren aurkako adituek ordutegia aldatzeak osasunerako ekar ditzakeen kalteez ohartarazi nahi dute. Izan ere, zenbait zientzialariren arabera, aldaketaren hurrengo egunetan miokardio-infartuak % 5 hazten dira, eta migrainak jasateko aukerak ere gora egiten du. Gainera, hilkortasun-tasa hazi egiten da errepideetan, heriotza gehiago izaten baitira.

Bestalde, argi-orduak gehiago aprobetxatzeaz gain, ordu-aldaketak argindarra % 5 aurreztea dakar espainiar Estatuan. Guztira 300 milioi euro aurrezten dira, eta horietatik 90 etxe-kontsumoarekin zerikusia dute. Era berean, ostalaritza sektorerako mesedegarria da, nahiz eta aurten jatetxe eta tabernek covid-19aren aurkako neurriak kendu arte itxaron beharko duten etekinak lortzeko.

Europar Batasunak 2001ean ezarri zien derrigorrezko ordu-aldaketa estatu kideei, aurrezteko helburuarekin. 2019. urtean, aldiz, neurria kentzen saiatu zen, baina ezinezkoa izan zenez, 2021. urtera atzeratu zuen.

Espainiako Gobernuak, bere aldetik, aditu batzorde berezi bat sortu du zer komeni den argitzeko, baina ez dira ados jarri. Ondorioz, Exekutiboak inflexio-aldia ezarri du azken ordu-aldaketa egin arte. Erabakia epe-mugarik gabe luzatuko dela aurreikusten da.