Gizartea
KORONABIRUSA
Hezkuntza zentro publikoetako langileak txertatzen hasi dira
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Halaber, ostiral honetan ekin diote eguneko zentroetako erabiltzaileak eta 55 urtetik beherako langileak txertatzeari.
Osakidetza gaur arratsaldean hasi da hezkuntza publikoko 55 urtetik beherako langileak (irakasleak eta irakasle ez direnak) txertatzen. Zehazki, maskararik erabiltzen ez duten ikasleekin harremanetan dauden beharginak izango dira txertoa jasotzen lehenak: Haur Hezkuntzakoak, Heziketa Berezikoak, ikasgela egonkorretakoak eta jantokietako begiraleak.
Halaber, gaur hasi dira eguneko zentroetako erabiltzaileak eta zentro horietako 55 urtetik gorako beharginak babesten Pfizerren txertoarekin. Berez, ostiralean abiatu zen txertaketa egoitza horietan, baina AstraZenecaren dosiekin (55 urtetik beherako beharginak babesten hasi ziren).
Horrez gain, ostegun arratsaldean hasi ziren Osakidetzan azpikontratatuta lan egiten duten anbulantzietako langileak immunizatzen, eta gaur jarraituko dute horretan.
Hezkuntzan, hurrengoak, itunpeko eta pribatuetako langileak
Ondoren, itunpeko eskolako irakasleei, eskola pribatuetakoei eta 0 eta 3 urte bitarteko haurrekin lan egiten duten langileei jarriko diete txertoa (12.000 guztira), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera.
LSB-USO Hezkuntza Irakaskuntza Federazioak adierazi duenez, ikastetxeek dagoeneko egin dituzte egoera horretan dauden langileen zerrendak, eta bi ordutegitan deituko dituzte Mutualiako zentroetara txertoa hartzera: 08:00etatik 08:30era eta 16:30etik aurrera. Txertaketa guztiz borondatezkoa da.
Txertoa jasoko duen hurrengo taldea (6C) Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak izango dira.
6. taldeko langile guztiek (poliziak eta irakasleak) AstraZenecaren txertoa jasoko dute.
Oraingoz, 55 urtetik gorako langileek ez dute txertorik jasoko, nahiz eta maskara erabiltzen ez duten ikasleekin harremanetan egon, LSB-USO sindikatuak salatu duenez.
Osasun Sailak zazpi txertaketa-talde ezarri ditu, pertsona ahulenei eta kutsatzeko arriskua dutenei dosiak emateko.
BIDEOA | Eguneko zentroetako erabiltzaileen txertaketa
BIDEOA | Anbulantzietako langileen txertaketa