Gizartea
KORONABIRUSA
Koronabirusak 500.000 pertsona hil ditu Ameriketako Estatu Batuetan
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Joe Biden presidenteak eta Kamala Harris presidenteordeak minutu bateko isilunea egin dute hildakoen omenez. Krisi honetatik aterako direla agindu die Bidenek herritarrei.
-
Joe Bidenek eta Kamala Harrisek minutu bateko isilunea gorde dute, hildakoen omenez. Argazkia: EFE
Koronabirusaren ondorioz 500.000 pertsona hil dira Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), Johns Hopkins Unibertsitateak astelehen honetan emandako datuen arabera. Hala ere, adituen iritzian, covid-19agatik hildakoen kopurua askoz ere handiagoa da; izan ere, Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak (CDC) zabaldu duenez, heriotza-tasa aurreko urteetakoa baino askoz ere handiagoa da.
Etxe Zurian eta eraikin publiko guztietan bandera guztiak haga erdian egongo dira datozen bost egunetan, otsailaren 26ra arte.
500 kandelaz inguratuta, Joe Biden presidenteak eta Kamala Harris presidenteordeak minutu bateko isilunea egin dute Etxe Zurian, hildakoak gogoan.
Herrialdeari zuzendutako hitzaldian baikor agertu da presidentea, eta krisi honetatik aterako direla agindu die herritarrei.
Bestalde, Washingtongo katedraleko kanpaiek 500 aldiz jo dute hildakoen omenez.
National Cathedral bells in Washington, D.C., mark more than 500,000 COVID-19 deaths in the U.S. https://t.co/JOonqkv1Qb pic.twitter.com/JlGubbqsP0
— ABC News (@ABC) February 22, 2021
Azken egunotan, kutsatze kopuruak eta ospitaleratzeek behera egin dute Ameriketako Estatu Batuetan. Astebetean batez beste 71.000 positibo berri zenbatu dituzte egunean. Halaber, ospitaleratuak 62.000 ziren ostegunean, The New York Times egunkariaren arabera. Bestalde, estatubatuarren % 12k jaso dute txertoaren lehen dosia, eta % 5k, ostera, bigarrena.