Gizartea
Beste ontzi bat
'Aita Mari'k beste 46 pertsona lagundu ditu Mediterraneoan
E. L. | EiTB Media
Oraingoan naufragoak ezin izan dituzte ontziratu. Hala ere, txalekoak banatu dizkiete, eta "ontziaren egonkortasuna bermatu dute, irtenbide bat bilatu bitartean".
-
'Aita Mari'k bigarren ontzi bat aurkitu du Mediterraneoan. Argazkia: @uberoiz / SMH
Bigarren ontzi bat jitoan aurkitu du SMH gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak Mediterraneoan. 46 pertsonari laguntza eman die. Ordu batzuk lehenago, beste 102 pertsona erreskatatu ditu Euskal Herriko ontziak.
Gobernuz kanpoko erakundeak jakitera eman duenez, itsasontziaren egonkortasuna arriskuan jar dezakete; izan ere, 120 pertsona eramateko gaitasuna du Aita Mari-k.
Ondorioz, ezin izan dituzte 46 naufragoak ontziratu. Hala ere, txalekoak banatu dizkiete, eta "ontziaren egonkortasuna bermatu dute, irtenbide bat bilatu bitartean".
Gobernuz kanpoko erakundeak azaldu duenez, kostazainen bidez Maltari eta Italiari laguntza eskatu eta zonaldean dauden merkatal ontziei abisua eman diete.
"Europar Batasunako (Frontex) ontzien presentzia nahi dugu zonaldean, itsasoko erreskateak ez lirateke gobernuz kanpoko erakundeen ardura izan behar", erantsi duenez.
Bestalde, goizeko lehen orduan itsasoan galdutako beste 102 pertsona erreskatatu dituzte, horien artean zazpi emakume daude, horietako bi haurdun, baita 7 hilabeteko haurtxo bat ere.