Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Txertaketa egutegia: Nortzuk izango dira txertoa jasotzen hurrengoak?

EiTB Media

Covid-19aren aurkako txertaketa adinaren arabera egiten ari dira. Horretarako, lehentasuna duten bost adin talde zehaztu dituzte adituek eta agintariek.

  • Txertaketa estrategia dosi eskuragarritasunaren arabera moldatzen ari dira. Argazkia: EFE

    Txertaketa estrategia dosi eskuragarritasunaren arabera moldatzen ari dira. Argazkia: EFE

Sendagaien Europako Agentziak, oraingoz, lau txerto baimendu ditu covid-19ari aurre egiteko: Pfizer-BioNTech, Moderna, AstraZeneca eta Janssen.

Pfizerren txertoa merkaturatu zuten lehendabizi. Euskal Herrira 2020ko abenduaren 27an iritsi zen eta erresidentzietako egoiliarrei eta langileei emateko erabili zuten.

Moderna konpainiaren txertoa urtarrilaren 13az geroztik dago erabilgarri. Koronbirusaren aurka lehen lerroan aritzen diren Osakidetzako profesionalei jarri zieten. Txertaketa prozesua urtarrilaren 15ean abiatu zen.

80 urtetik gorako pertsonak immunizatzeko Pfizer nahiz Moderna enpresa-farmazeutikoen txertoak erabili zituzten. Kanpaina hori otsailaren 24an jarri zuten martxan.

AstraZenecaren lehenengo dosiak otsailaren 10ean heldu ziren eta funtsezko kolektiboetako 55 urtetik beherako profesionalak txertatzeko erabili zituzten: ertzainak, udaltzainak, suhiltzaileak, irakasleak eta lehenengo taldean sartu ez ziren osasun arloko eta esparru sozio-sanitarioko beharginak.

Martxoaren 15ean, baina, txertaketa kanpaina aldi baterako eten zuten, Europako zenbait herrialdetan 30 bat tronbosi kasu agertu zirelako. Sendagaien Europako Agentziak kasu horiek guztiak banaka ikertu zituen eta txertoa "segurua eta eraginkorra" zela berretsi zuen. Horrela, bada, txertoa jartzeari ekin zioten berriro.

Halaber, osasun agintariek txerto horren erabilera 65 urte arteko pertsonei zabaltzea erabaki zuen funtsezko kolektiboetan. Ildo berean, AstraZenecarekin hasitako txertaketa gizarte osora hedatzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak. Kanpaina hori martxoaren 29ko astean jarriko dute martxan.

 

Txertaketa taldeak eta irizpideak
TALDEA DESKRIBAPENA TXERTO MOTA
1. TALDEA

Adinekoen eta mendekotasun handia duten pertsonen egoitzetako egoiliarrak eta haietan lan egiten duten langile sanitarioak eta soziosanitarioak.

Zaurgarritasun handiako printzipioa jarraituz, immunitate-burbuilak lortzeari eman zaio lehentasuna, egoiliarrei eta langileei txertoa jarriz.

Pfizer
2. TALDEA Esparru sanitarioko eta soziosanitarioko lehen lerroko pertsonala. Honako arrazoi hauengatik esposizio-arrisku handiena duen pertsonala: (1) COVID pazienteei zuzeneko arreta emateko jarduerak egitea (harreman estua eta esposizio-denbora luzeagokoa); eta (2) SARS-CoV-2 bidezko infekzioa duen pertsona batekin kontaktua izateko probabilitate handiagoa izatea. Pfizer + Moderna
3. TALDEA

Beste langile sanitario eta soziosanitario batzuk.

3.A. Ospitale-eremuko langileak, lehen mailako arretakoak, funtsezko lehen lerrokotzat jotzen ez direnak (2. taldea), lan-jardueraren esposizio-arriskuaren eta babes-neurri egokiak hartzeko aukeraren arabera

Maskara gabeko pazienteak 15 minututik gora artatzen dituzten profesional sanitarioak, hala nola estomatologia eta odontologiakoak, hortz-higienekoak, medikuntza estetikoak, logopedak, foniatrak,...

Pfizer + Moderna

3.B. Pandemiaren kudeaketan eta erantzunean inplikatuta dagoen eta 2. taldean txertatu ez den osasun publikoko zerbitzuetako pertsonala.

Eguneko zentro soziosanitarioetako pertsonala, desgaitasuna duten pertsonentzako zentroetako langileak, udaletako etxez etxeko laguntza zerbitzuen langileak, farmazia-bulegoetako pertsonala, kontsulta medikoena, fisioterapiakoak edo beste partikularrak, osasun-ikuskapeneko, lege-medikuntzako eta auzitegi-medikuntzako zerbitzuena, adingabeen egoitzetako pertsonala, helduen espetxeetakoa …

AstraZeneca
4. TALDEA

Mendekotasun handia duten pertsonak, ez instituzionalizatuak

III. mendekotasun-maila duten pertsonak, hau da, laguntza-neurri handiak behar dituztenak eta gaur egun etxean bizi direnak.

Pfizer + Moderna
5. TALDEA
  • 5.a taldea. 80 urteko eta gehiagoko pertsonak.
  • 5.b taldea. 70-79 urteko pertsonak.
  • 5.c taldea. 60-69 urteko pertsonak.
Pfizer + Moderna
6. TALDEA
  • Grupo 6.A. Poliziak (Ertzaintzakoak, udaltzaingoetakoak eta Estatuko beste gorputz batzuk)
  • Grupo 6.B. Haur-hezkuntzako eta behar bereziak dituzten haurren irakasleak.
  • Grupo 6.C. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak.

Horrez gain, txertoak eskuragarri dauden neurrian, aurrekoez gain, honako kolektibo hauek ere hartuko dira kontuan:

  • Supermerkatuetako kutxazainak; garraio publikoko garraiolariak; ofiziozko txandako abokatuak eta ehorztetxeetako langileak.
AstraZeneca
7. TALDEA

60 urtetik beherakoak, covidaren ondorioz, gaixotasun larria izateko arrisku handia dutenak.

Gainerako biztanleak: 55 eta 45 urte bitarteko kohorteekin hasten diren adin-kohorteak.

Pfizer + Moderna

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.