Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Ertzaintzarekin batera jasoko dute txertoa

agentziak | eitb media

Itxasok esan du Sagarduik pertsonalki ziurtatu ziola oinarrizkoen taldean daudela eta "dagokienean" emango dietela txertoa.

  • Guardia zibila, Itxaso eta Espainiako polizia. Argazkia: Efe

    Guardia zibila, Itxaso eta Espainiako polizia. Argazkia: Efe

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak baieztatu du Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin batera jasoko dutela covid-19aren aurkako txertoa, "dagokienean", eta hala hitzeman diola Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak.

Horixe erantzun die Itxasok kazetariei, txertaketaren inguruan galdetu diotenean. Espainiako Gobernuaren ordezkariak azaldu du Sagarduik telefonoz deitu ziola, txertoa jasoko duten hurrengo sektoreak jakinarazi ostean, eta baieztatu egin ziola EAEn dauden 3.200 Espainiako poliziak eta guardia zibilak Ertzaintzarekin eta udaltzainekin batera daudela zerrendan.

Era berean, Osasun sailburuak azaldu omen zion ez dagoela egutegi zehatzik Estatuko Segurtasun Indarren txertaketarako, baina "oso lasai" daudela, sailburuak agenteen zerrenda osatzeko koordinatzaile bat izendatzea eskatu diolako.

Ordezkariak gogorarazi du Lurralde Arteko Osasun Kontseiluaren baitan erabaki zutela "polizia indar guztiak oinarrizko langileen artean sartzea". "Eta fase horretan gaude, gu eta erkidego guztiak, baina oso lasai gaude, dagokionean egingo dutelako txertaketa", adierazi du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.