Gizartea
KORONABIRUSA
EAEko hiru hiriburuetan baimendu dute eskola kirola eta taldekakoa
A. S. | EITB MEDIA
Joko eta apustu-lokalei eta kirolari dagozkien neurriek, berriz, 20 udalerriri soilik eragiten diete. Bihartik aurrera, Bilbok eskola eta taldekako kirola ahalbidetuko du.
-
Ume bat kirola egiten. Irudia: pixabay
Egoera hobera doa pixkanaka Euskal Autonomia Erkidegoko herri askotan, eta gune gorrian dauden zerrenda berriaren arabera, 20 herrik jarraituko dute eskola-kirolik gabe. Udalerri horietan joko eta apustu-lokalak ere itxita egongo dira bihartik aurrera. Zerrenda horretan asteak eman ostean, Bilbo eremu gorritik irten da, eta beraz, EAEko hiru hiriburutan baimenduta egongo da eskola kirola eta taldekakoa.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak "eremu gorrian" dauden udalerrietan taberna eta jatetxeei ateak irekitzeko baimena eman arren, gainerako neurriek, hala nola joko eta apustuetarako establezimenduei eta lokalei eta kirolari dagozkienak, bere horretan jarraituko dute, eta orain arte bezala, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko kasu positiboen 500eko intzidentzia-tasa metatua gainditu duten udalerriak sartuko dira kontuan.
Osasun Sailak ostegun honetan neurri gogorrenen eraginpean dauden udalerrien zerrenda berria kaleratu du. Astelehenean 30 zeuden bertan, eta gaur, berriz, 20.
Hauek dira gune gorrian dauden 5.000 biztanletik gorako udalerriak:
Araban ez dago udalerririk zerrendan.
Bizkaian 8 dira: Berango, Bermeo, Derio, Getxo, Gorliz, Güeñes, Santurtzi eta Sopela.
Gipuzkoan 3 dira: Bergara, Elgoibar eta Oñati.
Bestalde, neurriak aplikatzeko beharra duen egoera epidemiologikoa duten 5.000 biztanletik beherako udalerrien zerrendan, ondorengo udalerriak daude: Barrika, Lantarón, Lemoiz, Lezama, Loiu, Mendaro, Plentzia, Urduliz y Zamudio.
Eusko Jaurlaritzak astelehenetan eta ostegunetan argitaratzen ditu osasun egoerarik larriena duten udalerrien zerrenda. Arestian esan bezala, hiri eta herri horietan taldean eta eskoletan kirola egitea galarazita egongo da eta apustu-etxeak itxita izango dira.
Urtarrilaren 25az geroztik, udalerri guztiak perimetralki itxita daude eta funtsezko eginkizunetarako soilik baimentzen dira joan-etorriak, hala nola ikasteko, lanerako edo pertsonak zaintzeko. Dena dela, astelehenaz geroztik aukera dago udalerri mugakideetara joateko, jarduera sozioekonomikoetarako edo aire librean kirola egiteko.