Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Gasteizek eskola kirola berreskuratu du udal instalazioetan

EITB MEDIA

Arabako hiriburuak kirol federatuko entrenamenduak eta lehiaketak ere berreskuratu ditu.

  • Gasteizek eskola kirola berreskuratu du udal instalazioetan.

    Gasteizek eskola kirola berreskuratu du udal instalazioetan. EITBren bideo batetik ateratako irudia

Gasteiz eremu gorritik atera ondoren, berriro ekin ahal izan diete eskola kiroleko entrenamenduei udal instalazioetan. Era berean, kirol federatuko entrenamenduak eta lehiaketak ere abiatu dira berriro.

Ohiko jarduerara ia automatikoki itzuli dira, espazioak eta ordutegiak aurretik banatuta baitzeuden elkarte eta kluben artean eta oso gauza gutxi moldatu behar izan baitira.

Eusko Jaurlaritzaren urtarrilaren 12ko 7/2021 Dekretuan zehazten denez, gehienez sei laguneko taldeetan antolatu beharko dira eskola kiroleko entrenamenduak, horien osaera aldatu gabe eta aldagelak erabili gabe.

Era berean, eremu gorritik ateratzean, Udalaren kirol instalazioen erreserbak zuzenean egiten daitezke; banakako nahiz bizikideentzako erreserbak, berriz, bertan behera geratu dira. Gogoan izan behar da erreserbek ezin dutela instalazioen gehienezko edukieraren % 50 gainditu. Aldageletan ere edukiera mugak ezarri dira (% 30), eta dutxak banaka erabili beharko dira.

Azkenik, Kirol Zerbitzuak gogorarazi du covid-19aren transmisioa prebenitzeko gomendio orokor batzuk daudela udal jardueretan parte hartzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.