Gizartea
Koronabirusa
Osasun Sailak datorren astean hasi nahi du 80 urtetik gorakoen txertaketa
E. G. | EITB MEDIA
Sagarduik iragarri duenez, dagoeneko 100.000 dosi eman dituzte, eta asteon adinekoen egoitzetako eta Osakidetzako lehen lerroko txertaketarekin amaituko dute, besteak beste.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurreikusi du datorren astean 80 urte baino gehiagoko pertsonak txertatzen hasi ahalko direla, betiere nahikoa dosi heltzen bada. Horrez gain, iragarri du kanpaina hasi zenetik covid-19aren kontrako 100.000 txerto baino gehiago jarri dituztela Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).
Sagardui Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramailearekin batera agertu da kazetarien aurrera, gobernu bileraren ondotik. Eguneko datu epidemiologikoen berri emateaz gain, txertaketa kanpainaren ingurukoak xehatu ditu sailburuak.
Hala, iragarri du dagoeneko 100.000 txerto eman dituztela (57.970 lehen dosi eta 43.682 bigarren dosi). Txertaketak asteon jarraituko du, eta 14.700 prestakin jarriko dituzte. Horiekin adinekoen egoitzetako eta Osakidetzako lehen lerroko txertaketa amaitu, eta bigarren lerroko langileak txertatzen jarraituko dute.
Osakidetzako profesionalen txertaketari dagokionez, Osasun arduradunak zehaztu du langileen % 45 lehen dosiarekin babestu dituztela. Horrez gain, astearte honetan hasi dira klinika eta ospitale pribatuetako beharginak txertatzen, eta bihar Ertzaintzako agenteak AstraZenecaren txertoarekin immunizatzen hasiko dira.
Azkenik, Sagarduik esan du datorren astean 80 urte baino gehiagoko pertsonak txertatzen hasi nahi dutela, eta argitu du EAEn 150.000 bat pertsona daudela adin horretatik gora. Sailburuaren hitzetan, Osakidetza eurekin jarriko da harremanetan seruma non eta nola hartu behar duten zehazteko.
Halaber, sailburuak baieztatu du Bizkaiko Fiskaltzak artxibatu egin duela Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas Basurtu eta Santa Marinako ospitaleetako kudeatzaileen txertaketa irregularrengatik abiatutako izapideak. Sagarduiren hitzetan, atzo jakinarazi zieten berria. Dena den, LABek jarritako helegitearen inguruko erabakia hartzeke dago.
Aldaera britainiarra, kasuen % 20ren erantzule
Koronabirusaren aldaera ezberdinek Euskadin duten intzidentziaz galdetuta, sailburuak nabarmendu du Espainiako estatuan izandakoaren antzekoa dela aldaera britainiarrarena, hots, kasuen % 20ren bueltakoa. "Ez dugu kutsagarritasun gehiago atzeman, eta ematen ari garen txertoek eraginkortasuna dute horren kontra", azpimarratu du.
Hegoafrikako aldaeraren kasurik erregistratu ez dutela erantsi du Sagarduik.