Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

AstraZeneca txertoaren larrialdiko erabilera onartu du MOEk

EITB MEDIA | AGENTZIAK

AstraZenecak Indiako Serum institutuarekin eta Hego Koreako SKBio enpresarekin elkarlanean egindako txertoaren bi bertsiok jaso dute argi berdea.

  • AstraZeneca txertoaren dosiak

    AstraZeneca txertoaren dosiak. Artxiboko argazkia: EFE

AstraZeneca botika etxeak koronabirusaren aurka garatutako txertoaren larrialdiko erabilera baliozkotu du Munduko Osasun Erakundeak (MOE). Duela gutxi, haren aholkulariek ondorioztatu dute gomendagarria dela 65 urtetik gorakoei jartzeko eta baita Hegoafrikako, Erresuma Batuko eta Brasilgo aldaerei aurre egiteko ere.

Zehazki, AstraZenecak Indiako Serum institutuarekin eta Hego Koreako SKBio enpresarekin elkarlanean egindako txertoaren bi bertsiok jaso dute argi berdea.

MOEren onespena jaso duen bigarren txertoa da, Pfizer-BioNTechen txertoaren ondoren. Munduko Osasun Erakundearentzat pauso garrantzitsua da, COVAX programa baliatuz AstraZenecaren txertoaren 300 milioi dosi baino gehiago hainbat herrialdetan banatzeko asmoa baitu.

MOEk emandako baimena gida moduko bat da gai horietarako erakunde arautzailerik ez duten herrialdeentzat, garapen bidean dauden herrialde askorentzat, besteak beste.

AstraZeneca konpainiaren atzetik, Moderna estatubatuarra eta Sinopharm eta Sinovac txinatarrak izan daitezke MOEren baimena jasotzen hurrengoak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.