Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Udan atzerrira bidaiatzea errazteko hainbat aukera aztertzen ari da Europar Batasuna

eitb media

Covid-19aren immunitate ziurtagiri bat aurkeztea edota birusa atzemateko test azkarrak egitea dira mahai gainean dauden aukeretako bi.

  • Thierry Breton, EBko Barne Merkatuko komisarioa

    Thierry Breton, EBko Barne Merkatuko komisarioa. Argazkia: EFE.

Uda honetan atzerrira bidaiatzea errazteko hainbat aukera aztertzen ari da Europar Batasuna (EB), eta covid-19aren immunitate ziurtagiri bat aurkeztea edota birusa atzemateko test azkarrak egitea dira mahai gainean dauden aukeretako bi, EBko komisario Thierry Bretonek jakitera eman duenez.

Batasuneko hainbat herrialdetako turismo arduradunek neurriak eskatu dituzte atzerrira bidaiatzea baimendu dezaten, eta, horren harian, komisarioak azaldu du aipatu aukerak onak izan daitezkeela normaltasunez bidaiatzeko.

Komisarioaren arabera, mugitu edo bidaiatu nahi duten pertsonek bermeekin egiteko eskubidea izango dute. Ildo beretik, Bretonek adierazi du ziurtagiriren bat egin dezaketela jada txertoa jaso duten horientzat, horien immunitatea baieztatze aldera.

Fidagarriak eta ahalik eta zehatzenak diren test azkarrak egitea ere aztertzen ari dira, bidaiatzerakoan birusa ahalik eta arinen atzemateko.

Gainera, zientzialariekin lanean dihardutela adierazi du komisarioak, test horien inguruko froga oparoak ahalik eta lasterren jasotzeko.

Europar Batasuna pairatzen ari den txertoen faltaz ere aritu da Breton.

Komisarioaren aburuz, txertoen produkzioan dago arazoa, eta lanean ari diren lantegiak indartzea da irtenbidea, lantegi gehiago egin beharrean, urteak behar baitira horrelako lantegiak egiteko.

Halaber, Bretonen helburua da uda amaitu arte hala nahi duten EBko herritar guztiek txertoa jarri ahal izatea.