Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Jaurlaritzak ekainerako txertatu nahi ditu 70etik gorakoak eta oinarrizko langileak

agentziak | eitb media

Txertoaren ekoizpen eta banaketa gaitasunaren inguruan "zalantzak" daudela aitortu du, eta eremu gorrian ostalaritza irekitzeak "kalte" egin diezaiokeela pandemiaren "beheranzko joerari".

  • Osasun langileen txertaketa. Argazkia: Efe

    Osasun langileen txertaketa. Argazkia: Efe

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak espero du ekainerako txertoa jasoa izango dutela EAEko 70 urtetik gorako pertsonek, osasun langileek, pertsona zaurgarriek, eta oinarrizkotzat jotzen diren langileek.

Aurreikuspen horixe jaso du Osasun Sailak txertaketaren estrategia gaurkotzeko kaleratu duen txostenean. Bertan zehaztu du ez dagoela "hirugarren olaturik", baizik eta "bigarren olatuaren hirugarren tontorrean" dagoela EAE.

Otsailetik ekainera egongo da indarrean aipatu dokumentuan jaso duten estrategia, eta Jaurlaritzak uste du epe hori birusaren aldaeren eta txertaketaren eraginak baldintzatuta egongo dela. Lehenengoari buruz, aurreko astean atzemandako kasuen % 16,8 aldaera britainiarrarenak zirela zehaztu dute.

Txertaketari dagokionez, aitortzen dute "zalantzak" daudela ekoizpenaren eta banaketaren inguruan, baina ekainerako burura eramango dutela 70 urtetik gorakoen, osasun langileen, kolektibo zaurgarrien eta oinarrizko zerbitzuetako langileen txertaketa.

Baldintza horiekin batera, Eusko Jaurlaritzak uste du eremu gorriko udalerrietan ostalaritza irekitzea "kaltegarria" izango dela "egungo beheranzko joerarentzat".

Osasun Sailak 100.000 biztanleko tasa 60 kasutik behera kokatu nahi du, baina hasiera batean 60 eta 300 artera jaistea du helburu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.