Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Gauerditik udalerri mugakideetara joan daiteke, EAEn

Mikel Dominguez | EITB MEDIA

Udalerrien itxiera perimetrala beste 15 egunez indarrean egongo bada ere, alboko udalerrira joan ahalko da aktibitate sozioekonomikoak edo aire librean kirola egiteko.

1:26
Baimenduta ondoko herrira igarotzea. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Gauerdiaz geroztik neurri murriztaileak zerbait arindu dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Mugakide diren udalerrietara joan ahalko da jarduera sozioekonomikoetarako edo aire librean kirola egiteko.

Udalerri mugakideetara joateko arrazoiak hauek izan daitezke: "lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean dauden taldeen arteko kirol entrenamenduak eta lehiaketak; eta 500etik beherako intzidentzia tasa duten udalerrien arteko mugikortasuna kirol federatuko entrenamenduak, eskola kiroleko entrenamenduak, baita gimnasioetan, klubetan edo kiroldegietan programatutako aktibitateak ere". Hau da, edozein udalerritara joan ahalko da, betiere bien intzidentzia tasa 500etik beherakoa bada, kirol federatua eta eskola kirola egiteko eta gimnasioetan programatutako jarduerak egiteko.

Gainerakoan, EAEn indarrean zeuden murrizketak bere horretan mantentzea erabaki zuen ostiralean LABIk. Neurriak hurrengo 15 egunetan egongo dira indarrean.

Auzitegien kolpe handiaren ostean, neurri murriztaile gehigarririk ez ostalaritzan

EAEko Auzitegi Nagusiak kolpe handia eman zion Eusko Jaurlaritzari, eremu gorrian dauden tabernak eta jatetxeak itxita mantentzeko agindua baliorik gabe utzita, behin-behinean bada ere. Horren ostean, ostalaritzari eragiten dien neurri berriak ez hartzea erabaki zuen LABIren Aholku Batzordeak.

Beraz, tabernen eta jatetxeen barruko edukierak % 50ekoa izaten jarraituko du, eta, orain arte bezala, ezingo da zutik edo barran kontsumitu.

Era berean, LABI EAEko Auzitegi Nagusiaren "argudioekin harrituta dago eta ez dago ados", Urkulluren esanetan, baina ez dutela erabakiaren kontrako helegiterik aurkeztuko iragarri zuen.

Bi aste barru berrikusiko dituzte neurriak

15 egun barru, pandemiaren bilakaera eta neurrion eraginkortasuna aztertuko ditu berriz LABIk, eta neurriak momentuko egoerara egokituko ditu.

Lehen helburua 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 60 eta 300 kasuren artean kokatzea da. Lehendakariaren arabera, hurrengo helburua 60tik behera kokatzea izango da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.