Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Lehen fasean 4500 ertzaini emango diete txertoa, datorren astetik aurrera

E. L. | EiTB Media

Aurreneko dosia Erandio, Oiartzun eta Arkautiko egoitzetan jasoko dute. Lehendabizi, “arriskuko lehen lerroan”, batez ere kalean, lanean ari diren ertzainei emango diete.

1:6
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Eusko Jaurlaritza, Segurtasun eta Osasun sailen bidez, Ertzaintzan txertaketaren lehen fasea aurrera eramateko protokolo bereziak prestatzen ari da.

Kolektiboa 7350 ertzainek osatzen dute, baina Osakidetzak AstraZeneca txertoaren 4500 dosi banatuko ditu lehen fasean. Honenbestez, ertzainen % 60 baino gehiagok lehen dosia jasoko dute lehen fase horretan.

Izaskun Urien Segurtasun Saileko Giza Eskubideetako zuzendariak Ertzaintzaren Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordea deitu du gaurko. Datorren astean, asteazkenean, abiatuko den txertaketa prozesuaren pauso eta epeen berri eman die Urienek sindikatuei.

Txertaketa Erandio, Oiartzun eta Arkautiko zentroetan eramango dute aurrera. Hiru egoitzetan azpiegitura eta baliabide "egokiak" dituzte, txertoa segurtasun baldintzetan emateko.

Segurtasun Saileko bederatzi erizain Osakidetzaren trebakuntza berezia jasotzen ari dira, txertoa emateko.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, egunean 300-400 txerto emango dituzte. Ondorioz, bi edo hiru aste beharko dituzte txertaketaren lehen fasea bukatzeko.

Txertaketa ordenari dagokionez, diseinatzen ari diren protokoloek "irizpide mediko eta epidemiologiko zorrotzak" jarraituko dituzte. Horregatik, "arrisku handiagoan" dauden ertzainekin hasiko dira. Hau da, "arriskuko lehen lerroan", batez ere kalean, lanean ari diren ertzainei txertoa emango diete lehendabizi.