Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Nafarroan 4 hildako eta 96 positibo berri baieztatu dituzte, % 4,1eko positibotasuna

E. G. | EITB MEDIA

150 paziente daude ospitaleetan, atzo baino 9 gutxiago, horietatik 25 ZIUn. Ostegunean bi lagun ospitaleratu behar izan zituzten, biak ZIUn.

  • Osasun langile bat proba serologikoak egiten.

    Osasun langile bat proba serologikoak egiten. Argazkia: EFE

Covid-19ak lau heriotza eragin ditu azken orduetan, Nafarroan. Gainera, 96 positibo berri baieztatu dituzte egindako 2340 probatan (1366 PCR eta 974 test antigeno). Ondorioz, positibotasun tasa % 4,1ekoa da Foru Erkidegoan.

Atzo hiru hildako zenbatu zituzten, 71 eta 88 urteko bi gizon, eta 95 urteko emakume bat. Era berean, aurreko egunetan hildako 93 urteko emakume baten berri eman zuten. Koronabirusak 1078 heriotza eragin ditu dagoeneko Nafarroan.

Foru Gobernuak jakitera eman duenez, 150 paziente daude ospitaleetan, atzo baino 9 gutxiago. Ostegunean bi lagun ospitaleratu behar izan zituzten, biak ZIUn.

Zonaldeka, Iruñean eta Iruñerrian positibo berrien % 74 baieztatu dituzte, Tuteran % 3 eta Lizarran % 2. Nafarroako gainerako eskualdeetan kasuen % 21 zenbatu dituzte.

Adin tarteei dagokionez, positibo berri gehienak 45-59 urte artekoen eta 15 urtez beherako adingabeen artean antzeman dituzte, % 24 eta % 22, hurrenez hurren. Ondoren, 15-29 adin tartean % 21 baieztatu dituzte, eta 33-44 artean % 20.

Azkenik, 75 urtez gorakoen artean % 7 baieztatu dituzte, eta 60-75 adin tartean % 6 baino ez. Positibo berrien batez besteko adina 36,1 urtekoa da.

Osasunbideak jakitera eman duenez, 150 pertsona daude ospitalean covid-19aren ondorioz (atzo baino bederatzi gutxiago), horietatik 25 ZIUn (kopuru bera) eta beste 13 etxean (kopuru bera). Gainerako 112 pazienteak ospitaleetako logela arruntetan daude.

Pandemia hasi zenetik 50 217 positibo baieztatu dituzte Nafarroan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.