Gizartea
Koronabirusa
Terrazetan erretzea galaraztea eskatu dute ostalaritza elkarteek
agentziak | eitb media
Era berean, eta lana errazte aldera, EAEko elkarteek "kartelen diseinua" helaraziko diete ostalariei.
-
Persona fumando. Foto: EiTB
Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko ostalaritza elkarteek taberna eta jatetxeetako jabeei eskatu diete ez dezatela erretzen utzi terrazetan.
Ohar batean azaldu dutenez, "gomendioa sektore osoari" zabaltzen diote, eta "barne kanaletatik" bidaliko dute ostalari guztiek jaso dezaten.
Era berean, eta lana errazte aldera, EAEko elkarteek "kartelen diseinua" helaraziko diete ostalariei.
Hain zuzen ere, "erretzaileen eta ez erretzaileen artean bi metroko distantzia gordeta ere, terrazetan tabakoaren kontsumoa galarazten saiatzea" eskatzen dute.
Hori horrela, hiru elkarteek "bat egin" dute Hego Euskal Herriko elkarte zientifikoen aholkuekin, "kerik gabeko ostalaritzaren aldeko neurriak" hartzea eskatu baitzuten.
Elkarteek "pandemiaren aurkako borrokarekiko konpromisoa berretsi" nahi dute horrela, baina zehaztu dute "aldi baterako" eskaera dela, eta kutsatzeen eboluzioaren arabera "berrikusi" egingo dutela.
Bihar LABIk egingo duen bileraren harira, ez omen dute espero "aldaketa handirik" sektorean ezarrita dauden murrizketetan.